Bi urtean behin ospatzen den Bertsolari Gazteen Xenpelar Sariko finala jokatuko da gaur, arratsaldeko 17:00etan hasita, Errenteria-Oreretako Niessen kulturgunean. Tartean izango da Arnaitz Lasarte ereñotzuarra, txapela lortzeko lehian.
Sarrerak saioa hasi baino ordubete lehenago jarriko dituzte salgai, 3 eurotan; hala ere, 16 urtetik beherakoek doan izango dute sarrera.
Sei bertsolariren arteko finala
Gaurko finalean sei bertsolari ariko dira nor baino nor: Ane Labaka (Lasarte-Oria), Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein), Maider Arregi (Oñati), Maialen Akizu (Urretxu), Aitor Servier (Azkaine) eta Arnaitz Lasarte (Ereñotzu) bera.
Aurreko larunbatean jokatu zen bigarren kanporaketa, eta Lasartek hirugarren egin zuen orduan, 208,5 puntu lortuta. Aukerarik ez du falta gaurkoan txapela irabazteko. Hala ere, aurkari gogorrik ere ez du faltako. Oraingoz puntu gehien lortu dituena Ane Labaka izan da, 218,5.
Gainontzeko sailkatuek ere ez dute puntuazio makala: Maialen Akizuk 217,5; Nerea Ibarzabalek eta Aitor Servierrek 213,5; eta Maider Arregik 202. Emoziorik ez da faltako, beraz, arratsaldean.