«Denon artean pentsatu behar dugu nola nahi dugun bizi elkarrekin»

Kronika - Erredakzioa 2014ko abenduaren 6a

Kultur aniztasunaren inguruko plangintza bat sortu nahi du Udalak, jatorri desberdineko herritarren arteko elkarbizitzarako. Asmo horrekin, parte hartze prozesu bat mar­txan dago eta asteazkenean izango da azken saioa (18:00-20:00 kultur etxean). Udalak prozesu eta plangintza honen garrantzia azpimarratu du, Astigarragan, egun, 40 herrialdetako biztanleak bizi baitira.
Elhuyar aholkularitza ari da zuzentzen prozesua eta Jon Abril da arduraduna. Herritarrek zergatik hartu beharko luketen parte galdetuta, halaxe azaldu du: «Kultur aniztasuna gure herriko errealitate bat da, mundu globalizatu honetan geratzeko etorri dena. Euskal Herritarrak, historikoki, atzerrira joan behar izan gara lan bila, bizitza aurrera atera ahal izateko. Eta oraindik orain, badira hainbat gazte sorlekua utzi eta lan-aukera hobeen bila atzerrira joan behar izan dutenak. Eta gurera ere beste herrialde ba­tzuetatik bizitzera etorri dira. Guztien artean osatu behar dugu Astigarraga, guztion artean pentsatu nola nahi dugun bizi elkarrekin, ditugun arazo eta kezkak konpartitu behar ditugu, eta aurrera egiteko erronkak finkatu. Lan hori guztion artean egin beharrekoa da, eta horregatik da inportantea astigartarrek parte hartzea. Horrelako prozesuak ezinbestekoak dira, herria kohesionatzeko, herria egiteko, eta herriko giroa hobetzeko».

Elkar ezagutzeko guneak
Bi saio egin dira orain arte eta saio horietan landu eta zehaztu dituzte gaur egungo egoeraren diagnostikoa eta plangintzak izan beharko lituzkeen helburuak eta erronkak. Ekintzak, hirugarrren eta azken saio horretan landuko dituzte.
Orain arte ateratako ondorioak honakoak izan dira, Abrilen esanetan: «Herritarren arteko harremana, orokorrean, ona da, eta dauden gatazkak konpontzeko borondatea dago. Elkar ezagutzeko guneak behar dira. Horretan, Astigarraga herri txikia izatea eta ikastetxe bakarra edukitzea lagungarri dira, ghettoak sortzeko arriskua murrizten baita. Horrez gain, eragile desberdinen inplikazioa beharrezkoa da (Udala, eskola, eragile sozial eta kulturalak...)».

Taldea osatu, gaia lantzeko
Plangintza osatzearekin batera, prozesu honen asmoa da lane­ra­ko mahai edo talde egonkor bat sortzea, aniztasunaren gaia lan­tzeko. «Beraz, lana ez da aben­duaren 10ean bukatuko, ha­siera baino ez da», dio Abrilek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!