Euskal Herriko dantzaririk onenak ikusteko aukera izango da gaur, eguerdiko 12:00etan Biteri kultur etxean. 10 eta 15 urte bitarteko dantzariek hartuko dute parte.
Hernaniko Kriskitiña dantza taldeak antolatuta, 20garren aldiz egingo da txapelketa hau. Aurten, aurreko urtean baino dezente dantzari gehiago izango dira; guztira, 30. Hala ere, azken urteetan gertatu bezala, oraindik ez da hernaniarrik dantzan ikusteko aukerarik izango.
Azkoiti, Azpeiti, Errezil, Bergara eta Lezoko dantzariak ariko dira lehian.
Fandangoa eta arin-arina
Gaurkoan fandangoa eta arin-arina dantzatzen abilena den bikoteak irabaziko ditu txapela eta zapia. Beñat Luluaga eta Aitzol Txapartegik jarriko dituzte doinuak, trikitixa eta panderoarekin.
Azkoiti, Azpeiti, Errezil, Bergara eta Lezoko 15 bikotek hartuko dute parte txapelketan, eta Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko kideek osatuko dute epaimahaia.
«Hau da Euskal Herri osoan dagoen guztia. Ez dugu lortu bikote bizkaitarrik. Hernanin ere ez dago txapelketan parte hartzeko prest dagoen dantzaririk. Baina badakigu batzuk prestatzen hasiak direla, eta ea laster animatzen diren!», azaldu du Kriskitiñako Jose Segurak.