21.800 kilo janari bildu dira Hernain; aurreko urtearekin alderatuta, bikoitza

Kronika - Erredakzioa 2014ko abe. 6a, 01:00

Aurreko asteburuan jarri zen martxan Elikagai Ban­kurako janaria biltzeko kan­paina. «Urte osoan zehar ere eman daiteke, hori argi utzi nahi dugu. Baina horrelako kanpainak oso eraginkorrak izaten dira, eta aurtengo emaitza ikaragarria izan da», dio Carlos Martinez, Gi­puz­koako Elikagai Bankuko ar­duradunetako batek.
Hernanin 21.800 kilo jaki bildu dira; aurreko urtea­rekin alderatuta, bikoitza, orduan, 11.300 kilo inguru jaso baitziren.

Igoera, orokorra
Martinezen esanetan, bildu den kilo kopurua aurreko ur­tean baino dezente altuagoa izan da aurten, estatu mailan ere. Baina Hernaniko igoera haundiagoa izan da, nabar­men.
«Estatu mailan, iaz baino %50 gehiago jaso da. Her­nanin, berriz, aurreko urtean jasotakoaren bikoitza. Izan ere, 11.300 kilo janari inguru bildu zen aurreko ur­tean, eta, aurten, 21.800 kilo. Hernaniko biztanle kopurua kontuan har­tuta, esan daiteke biztanle bakoitzak kilo bat baino gehiago eman duela! Gipuz­koan, berriz, 350.000 kilo bildu ziren aurreko urtean, eta 575.000 kilo, aurten; %65 inguru gehiago», azaldu du Martinezek.

Boluntarioek, lan izugarria
Hernanin, iaz bezala, 3 pun­tutan bildu da janaria: DYA, Lidl eta Eroski super­mer­ka­tuetan. Gipuzkoa osoan, 70 gune inguru jarri dira. Eta noski, toki horietan guz­tietan, boluntarioek egin dute lan. «Hernanin 60 boluntario inguru aritu dira lanean. Eta boluntario horien artean, gehienak, Gabriel Celayako lokaletan janaria banatzen aritzen diren boluntario berak dira».

Banaketa, hileko aurreneko astelehenetan
Bildutako janari guztia Oiartzungo biltokira eraman dute, sailkatu, garbitu, prestatu eta txukuntzeko.
Ondorez, Gipuzkoa osoan dauden banaketa zentroetara eramango da.
Hernanin, Gabriel Celayan dauden lokaletan egiten da banaketa, hileko aurreneko edo bigarren astelehenetan. «Datorren astelehena, aben­duak 8, jai eguna denez, abenduaren 15ean egingo da banaketa», gogorarazi nahi izan du Martinezek.
«Hernanin oso ondo anto­latuta dago banaketaren kon­tua. Udaletxeko Ongintza zer­bitzuak, Amher elkarteak, Cari­tasek eta eliza eban­gelikoak bat egin dute elkarte bat osatzeko. Horrek lanak errazten ditu. Janari bana­ketarako lokala dute Gabriel Celayan, eta hileko aurreneko astelehenetan irekitzen dute, arratsaldeko 17:00etan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!