Igantziko IrriSarri Land parkean, munduko txondorrik haundiena egin dute. Goizuetako taldea aritu da zeregin horretan: Ibon eta Luis Elizegi, Andoni Etxenike (Igantzin bizi da gaur egun) eta Fernando Goia Pollo. Antzin eta Arraitzko (Ultzama) beste lagun bana ere aritu dira. Antzin eta Goizueta anaituta daude, eta bi urtean behin, Txondorraren Eguna egiten dute Antzinen, eta goizuetarrak zahagi dantza egitera joaten dira, ikatza egitearen ofizioa oso inportantea izan baita Goizuetan ere.
Halaxe azaldu du Goiak: «Igantziko txondor hau egitea lan haundia izan da, txondorrik haundiena izan delako. 25 tona egurrekin egin dugu. Goizuetako taldeak egin du, 3-4 bat asteburutan. Andoni Etxenike izan da zuzendaria eta ikaragarrizko lana egin du. Taldea txondorra montatzen 3-4 bat asteburutan aritu bada, Etxenike denbora gehiagoz aritu da: egurra moztu eta ekartzen... Dena zuzentzen». Orain, IrriSarri Land parkekoak ari dira txondorra zaintzen.
Abenduaren 24ra arte, ikusteko aukera
Txondorra azaroaren 15ean piztu zuten. Iñaki Perurenak piztu zuen. Festa egin zen IrriSarri Landen eta joaldunak, musikoak, bertsolariak... izan ziren bertan.
Jakinarazi dutenez, abenduaren 24ra arte bixitatzeko aukera izanen da, baita gaua bertan pasatzekoa ere.
Normalean, txondor bat egiteko, 6.000 eta 8.000 kilo egur erabiltzen dituzte eta IrriSarri Landen 25.000 kilo erabili dituzte. Horregatik diote munduko txondorrik haundiena dela. Haritz egurra erabili dute.
Abendu bukaeran hasiko dira ikatza ateratzen eta hainbat ekimenetara bideratuko dute ikatz hori: ateratako ikatzaren erdia (lau egur tonatik, tona bat ikatz ateratzen da) IrriSarri Landeko kontsumora bideratuko dute (Jauregiko jatetxera eta Jolastokiko tabernara). Laurden bat Paris 365 jangela sozialera eraman nahi dute eta beste laurdena Pasaiako Nao San Juanen eraikuntza lanetan erabiltzeko. Azken zati hau, gainera, garai bateko trenbidean barrena eraman nahi dute gurdietan.
2011n lehenengo txondorra, Goizuetan
Txondor erraldoi hau egiteko ideia nondik sortu zen azaldu du Goiak: «2011n egin zen lehenengo txondorra Goizuetan bertan. Andoni Etxenike bere garaian aitarekin aritzen zela jakin genuen eta berarekin kontaktuan paratu ginen txondorra egiteko. Orain dela 35 urte egin zuen azken txondorra aitarekin. Gero, 2012an, Leitzan egin genuen beste txondor bat, hango talde batek eskatuta. 2013an, berriz, Lesakan, lesakarrek eskatuta. Eta horrela aritzen gara bolondres, eragile desberdinek eskatuta. Aurten, Etxenikek besteren bat ere egina du Arraitzen».