Arnaitz Lasarte Xenpelar Sariko finalean ariko da bertsotan, astelehenean. Aurreko larunbatean bigarren kanporaketa jokatu zen eta hirugarren postuan geratu zen ereñotzuarra 208,5 punturekin.
Finalean, 6 bertsolari gazte neurtuko dira: Ane Labaka (Lasarte-Oria), Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein), Maider Arregi (Oñati), Maialen Akizu (Urretxu), Aitor Servier (Azkaine) eta Arnaitz Lasarte (Ereñotzu).
Ereñotzu eta
Hernanikoei deia
Errenteria-Oreretako Niessen kulturgunean izango da saioa arratsaldeko 17:00etan hasita. Ondoren, Jokin Sorozabali omenaldia egingo diote. Sarrera, 3 euroan egongo da; 16 urtetik beherakoek dohainik izango dute. Ordubete lehenago jarriko dituzte salgai. Ereintza Elkarteak eta Xenpelar Bertso Eskolak antolatu ohi dute Xenpelar Saria eta aurtengoa, 22garren edizioa izango da. Antolatzaileek dei egiten diete Ereñotzu, Hernani eta bailarako herritarrei finalera gerturatzeko.
Bigarren sariketa, aurten
Xenpelarreko hau, bigarren finala izango du Lasartek aurten. Lizardi Sariko finalean aritu zen irailean eta bigarren geratu zen. Gainera, bertso onenaren saria jaso zuen. Orduko hartan, Ane Labaka izan zen txapeldun eta oraingo honetan ere bertan izango da.