Kaxko elkarteko kideak hilean bitan biltzen dira hainbat gairi buruz hitz egiteko. Azkenekoz pasa den asteazkenean bildu ziren, eta Kaxkoa garbi mantentzeko kanpaina martxan jarri dutela azaldu dute.
«Gure kaleetan zikinkeria areagotu egin dela nabaritu dugu, herritarrek lurrera botatzen dituztelako txikleak, zigarrokinak, paperak, pipa azalak, poltsak, zakur-kakak, eta beste gauza asko. Horregatik jarri dugu martxan kanpaina».
Zabor-ontzi gehiago, eta kontzientziazioa
Kanpainarako kartel lehiaketa antolatu zuen elkarteak, eta Nerea Uralde andoaindarraren diseinua izan zen irabazlea. Kaxkoa garbi mantentzeko kontzientzia zabaltzeko kartelak jarriko dituzte datozen hilabeteetan kaleetan zehar.
Bestalde, udaletxeari eskatu diote zabor-ontzi gehiago jartzeko. «Erabaki Hernani partehartze prozesuan herriak proposamena onartu du, eta egingo dela uste dugu».
Hilero, bilerak
Era berean, elkarteko kideek jakinarazi dute hilean bitan biltzen direla, asteazkenetan, eta urteko batzarra ere egiten dutela, Kaxkoko bizilagunei eragiten dieten gaiak lantzeko.