«Prozedura bat markatzen duen protokoloa» sinatu zuten asteartean Kike Parra, Koxka elkarteko lehendakariak eta Luis Intxauspe, Hernaniko alkateak.
Protokoloa urriko Plenoan onartu zuten alderdi guztiek, aho batez, eta Koxka elkarteak argazkia ateratzeko deituko ditu alderdi guztiak, laster.
Desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna bultzatzeko Protokoloa
Koxka elkarteak informe bat egina dauka, herriko oztopoen ingurukoa. Sinatu berri duten Protokoloaren arabera, Udalak konpromisoa dauka Udaleko zerbitzu-buru guztiei informe hori pasatzeko. «Horrela, obra edo konponketa bat egin behar den bakoitzean, aprobetxatu egingo da informean azaltzen diren gabeziak konpontzeko. Era berean, proiektu hori onartu baino lehen Koxka elkarteari kontsulta egingo zaio», azaldu zuten Koxka elkarteko ordezkariek.
Hainbat proiektu martxan
Protokoloak hainbat berrikuntza jasotzen ditu. Batetik, desgaitasuna duten pertsonei erreferentzia egitean, zein hitz erabili eta zein baztertu zehaztu da. Bestetik, Protokoloa euskeraz eta gaztelaniaz idatzi da, eta desadostasunen bat egonez gero, desgaitasuna duen pertsonaren alde gehien egiten duen bertsioa hobetsiko da.
Bestalde, beste elkarte batzuek egindako ekarpenak txertatu dira Protokoloan. Adibidez, Lizeagako elkarteak egindako proposamenak: herriko argazki propagandistikoetan denetariko pertsonak agertzea, edota biltzeko tokiak irisgarriak izatea.
Pausokak ere eskatu du parkeetan desgaitasunen bat duten haurrei egokitutako kolunpioak jartzea, eta 2014an irisgarritasunerako dagoen partidan gelditzen diren 30.000 euro erabiliko dira Lizeagako obrak egin eta eskaera hori ere kontuan hartzeko. Aldapak, barandillak... ere jarriko dira.