Hiru urtetan zehar egindako lanaren emaitza ikusi daiteke, dagoeneko, Bartzelonako Gran Via de las Corts Catalans 608 eraikin historikoan, Cataluña plazaren ondoan.
Victor Goikoetxea margolari hernaniarrak 14 obra egin ditu Bartzelonako arkitekturan oinarrituta. Enkargu pribatua izan da, baina, aurrerantzean, publikoari irekia egongo da erakusketa.
«Bartzelonako arkitektura aitzindariari omenaldia da»
Halaxe azaldu du Victor Goikoetxeak: «egindako 14 obrekin Bartzelonako arkitektura aitzindariari omenaldia egin diot. Hiriaren panoramikarekin jolastu dugu. Eraikinetik ikusten den Bartzelonako ikuspegia hartu dugu, 360 gradukoa, eta horrekin jolastu dugu, errealitatearen beste ikuspegi bat sortzeko».
«Eraikinetik ikusten den Bartzelonako ikuspegiarekin jolastu dugu, errealitatearen beste ikuspegi bat sortzeko»
Estudioan sortutako lana
Obra hau enkargu pribatua izan zen. Victor Goikoetxeak hiru urte pasa ditu lana osatzen duten obrak egiten.
Guztira, 14 obra margotu ditu, 16x115 metrotako dimentsioa hartzen dutenak. Akrilikoa erabili du, lientzoaren gainean.
Lana estudioan egin du Goikoetxeak, baina Bartzelonan talde haundi baten laguntza izan duela nabarmentzen du: «eraikineko paretak margotu, obra zintzilikatzeko paretak egokitu... Espazioa egokitu da obra bertara eraman ahal izateko».
Publikoari irekita
Enkargua pribatua izan da, eta Gran Via de las Corts Catalans 608 eraikin historikoaren sarreran dago jarria. Hala ere, publikoari irekita egongo da aurrerantzean, eta margolari hernaniarrak mundu guztia gonbidatu nahi du eraikin historikoa ezagutu, eta, bidez batez, bere obra ikustera:
«ofizinaz betetako eraikina da, eta irekita egoten da astelehenetik ostiralera».