Lortu du aurreneko garaipena Hernanik, azkenean. Eta eszenatokirik onenean, gainera. Borobila izan zen festa Landaren: giro ederra harmailetan, Seaskaren aldeko festa... Eta etxean geratu ziren puntuak, Hernani eta Ordiziaren arteko derbi haundian.
Defentsa bikaina, klabea
Berehala lortu zuen aurreneko zigor kolpea Ordiziak, baina hirunaka bakarrik lortu zuen puntuak pilatzea, partidu osoan; defentsan bikain aritu ziren hirukoloreak. Atsedenaldiaren ondoren, 11-12 aurreratu ziren ordiziarrak. Hortik aurrera, ordea, Hernanirena izan zen partidua. Bigarren entsegua lortu zuen Mattin Mujikak, eta hirugarrena ere gehitu zion Igor Genuak, hamar minutu falta zirela (26-12).