«Ehizatzeko egunak badaude; ehiza asko harrapatzeko egunak, ordea, oso gutxi. Egun on bat izateko, beste askotan joan behar zara, txori bat ere bota gabe», kontatu diote Kronikari, Txantxangorri elkarteko lau ehiztarik: Iñigo Esnal, Joseba Mujika, Joxe Martin Tijero eta Iñaki Mendizabal, bete-betean daude sartuta ehiza sasoian.
Uso denboraldia bukatuta, oilagorrekin dabiltza orain. Basurdetan aritzen dira beste batzuk, edo erbiak harrapatzen. Bakoitzak dauka bere espezialitatea, baina denak daude eguraldiaren baitan: «negua hotza egiten badu Europako iparraldean, txori gehiago jaisten dira, eta pase gehiago izaten dira», kontatzen du Tijerok.
Basurdetan, berriz, behar dutena da hemen hotza egitea: «goiko mendietan elurra badago, guk ehizatzen dugun mendietara jaisten dira basurdeak, eta gehiago ehizatzen ditugu», azaldu du Esnalek.
Hego haizearekin, ehizara joateko eguna
Hego haizea protagonista izaten ari da garai honetan, eta egun horiek dira onak, txoriak ehizatzera joateko: «hala ere, ezin da jakin noiz izango den ehiza askoko eguna. Egun batean 15 bota ditzakezu, eta besteetan bat ere ez. Pazientzia haundia behar da».
Txori bakoitzak badauka bere urte sasoia, hegoaldera egiteko: «uztailean galeperra jaisten da; iraila partean usoa. Garai honetan birigarroak botatzen dira gehien, baina oilagorren garaia ere hasi da».
«Pazientzia haundia behar da, eta hamaiketako ederra ezinbestekoa da».
«Lurrekoak harrapatzeko, asko ibili behar da, eta txakur ona eduki»
Zenbait txori harrapatzeko, eperra, galeperra edo oilagorra kasu, zerura begira baino, lurrera begira egoten dira ehiztariak. Ez dute lan erraza izaten: «asko eta asko ibili behar da, toki zailenetan barrena. Gainera, txakur ona izan behar duzu».
Hegan doazenak botatzeko, berriz, ehiztariaren gaitasunak dira ezinbestekoak: «tiradore ona izan behar duzu, eta baita pazientzia haundia izan ere. Horretarako, hamaiketako eder bat eramatea eta gustora egotea ezinbestekoak dira».
«Basurdeak plaga bat dira, asko ari gara botatzen»
Beste modu batera aritzen dira basurdetan, taldeka antolatuta: «tokatzen zaigun mendi zonaldea zerkatu ondoren, zakurketariak aritzen dira basurdeak zirikatzen, ehiztarien postuetara hurbildu daitezen».
Asko ari dira botatzen aurten: «Hueskara joaten gara», kontatzen du Esnalek, «eta han plaga bat dira. Ehiztariok ez baditugu botatzen, zerbait egin beharko dute. Herrietara jaisten dira, eta arriskutsuak dira».
Ehiza txikitik nagusira
Goraka doa ehiza nagusia, basurde, oreina... bezalakoena. Ehiza txikia, berriz, gero eta gutxiago egiten da, txoriena hain justu: «toki batzuetan, debekatuta dago ehiza txikia, ehiza nagusiko animaliek alde ez egiteko. Hori baita diru gehien ematen duena: oreina haundi bat botaz gero, agian 6.000 euro ordaindu behar dituzu».
Txantxangorri elkartean, 250 ehiztari inguru
250 ehiztari inguru izango dira Txantxangorri elkartean. Inguruko lurretan dauzka postuak elkarteak: Oriamendin, Larregainen eta Azketan. Mugatuak dira, ordea, 110 postu inguru, eta egunero zozketatzen dira, goizeko 08:00etan.
Postu on bat, eguraldia, eguna... eta pazientzia. Denak dituzte beharrezko, ehiza egun bat izateko.