Urteko zita nagusia daukate gaur errugbizaleek, Landaren. Gipuzkoako derbi haundia jokatuko dute Hernanik eta Ordiziak, eguerdiko 12:00etan. Errugbiaren festa izango da gaurkoa, baina baita ikastolena ere. Izan ere, bildutako dirua Seaska Iparraldeko Ikastolen Federazioari laguntzeko izango da.
Horregatik, dei egin diete hernaniar guztiei, Landarera hurbiltzeko, eta harmailak lepo betetzeko. Sarrerak 10 euroan egongo dira; bazkideek 5 euro ordaindu beharko dituzte.
Eszenatoki paregabea, aurrenekoa lortzeko
Gaurko eszenatokia paregabea izango da hirukoloreentzat, aurreneko garaipena lortzeko. Etxekoen animoak, derbiak ematen duen motibazioa eta giro ederra aprobetxatu behar dituzte, puntuak Landaren geratzeko. Azkeneko partiduetan, irabaztetik gertu izan dira hernaniarrak, bereziki etxean. Erakutsitako joku ona mantendu, eta iaz emandako ezustekoa errepikatu nahiko dute.
Ez dute lan erraza izango, ordea. Ordiziak ez du sasoi hasiera ona izan, baina goraka doa, eta irabazi egin ditu azkeneko bi partiduak. Iazko talde ia berdinarekin, puntu beharra dauka Goierriko taldeak ere, eta motibaziorik ez zaie faltako.
Festa borobiltzeko, paellada
Errugbiaren festa ez da bukatuko partiduarekin. Irabazten duenak irabazten duela, jarraipena izango du ikastolen aldeko egunak. Paellada egingo dute partidua bukatutakoan.