Juan Martinez de Irujoren aurka Lau T’erdiko finala zeinek jokatuko duen erabakiko da gaur. Aimar Olaizola eta Ekaitz Saralegi neurtuko dira. Goizuetarra egungo txapelduna da eta 8garren txapelaren bila ariko da lehian.
Asteazkenean aukeratu zituzten gaurko partidurako pilotak eta ez dela sentsazio onarekin ari azaldu zuen Olaizolak: «Partiduan ikusiko da, baina aurretik ere esan nuen ez nituela oso sentsazio onak. Fisikoki ongi nago. Minik ez dut, baina bi-hiru partidu horietan nabaritu dut joko falta. Txispa falta ere bai. 3 urte eta piko egin ditut txisparekin, jokoan dena ongi ateratzen zitzaidan, eta orain, azken bi-hiru partiduetan behintzat, tantoak bukatzeko garaian, kosta egiten zait. Eta egia esan, uste dut normala dela. Normala ez zen 3 urte eta piko segidan horrela egotea». Dena dela, saiatuko da bere onena ematen kantxan.
Partidu zaila
Partidu zaila espero du eta Saralegi %100ean egongo ez dela galdetuta, halaxe dio: «Elkar ongi ezagutzen gara eta iaz ere txiripaz irabazi nion. Berarekin ez nago kezkatuta, uste dut nik neurearekin nahiko lan badudala». Eta piloten aldetik, arazorik ez dagoela nabarmendu zuen: «Frontoi honetarako oso egokiak dira». Labriten jokatuko dute arratsaldeko 16:45etatik aurrera.