Azaro Kulturala gaur bukatuko da Feri Egunarekin. Aurtengoa, XIgarren edizioa izanen da eta egitarau ederra prestatu dute. Goizean zehar, 10:00etatik aurrera, azienda feria, nekazaritza produktuak eta artisau postuak izanen dira, besteak beste. Goiz eguerdi partean izanen dira ekintza gehienak, baina festa gauera arte luzatuko da, bazkari, poteo musikatu eta DJarekin.
Berezitasun bezala, aurten aizkolarien erakustaldia eginen da, 12:30etan. Hiru aizkolari gazte ariko dira. Alde batetik, Eneko Saralegik (21 urte, Leitza) honako lanak eginen ditu: egur luze bat 5 metroko altueran moztu, egur bat aitzuarrekin moztu, eta egur bat esku batez moztu. Bestetik, Iker Bizente Saralegi (17 urte, Otsagabia) eta Ruben Saralegi (23 urte, Leitza) ariko dira. Honako lanak eginen dituzte: egur bat kolpeka moztu, egur bat zeinek azkarren moztu, eta 5 korte etzanda.
Argazki lehiaketa, gaztetxoentzat
Guraso elkarteak argazki lehiaketa antolatu du 3-16 urtekoentzat. Gaia: Goizuetako Feri Eguna. Partaide bakoitzak bi argazki bidaltzeko aukera izanen du, gehienez. Abenduaren 15a baino lehen bidali behar dira: g.elkartea@hotmail.com helbidera edo Goxaliko buzoian utzi. Argazkiei izen-abizenak eta adina paratu behar zaie. Irabazleak sorpresa izanen du. Guraso elkarteko kideek dei egiten diete herriko gaztetxoei kamera hartu eta parte hartzeko.
XI. Feri Eguna
10:00-13:00 Azienda feria, nekazaritza produktuak, artisau postuak.
Goizean zehar, trikitilariak, joare egileak, poniak.
10:30 Zerri xangoak.
11:00 Sagardo egileak.
12:00 Sifoia eta gaseosa.
12:30 Aizkolariak: Eneko Saralegi, Iker Bizente Saralegi eta Ruben Saralegi.
14:30 Herri bazkaria.
Ondoren, Poteo musikatua.
Gauean, DJ Oattolo gaztetxean.