Emarri taldeak pare bat hilabeteko atsedenaldia hartu du denboraldi berriari ekin aurretik. Urtarrilean jarriko dira berriz martxan, baina urtarrilera itxaron gabe, plazan ikusiko ditugu. Hain zuzen, Santo Tomas egunean Donostian ariko dira harri tiratzen. Bina talde ariko dira neska eta mutiletan. Nesketan, Emarri eta Ibarra; eta mutiletan, Berrobi eta Urola garaia.
Ate irekiak, giza-proba ezagutzeko
Emarrik ahalik eta jende gehiena gerturatzea nahi du kirol honetara eta ezagutzera emateko, ate irekiak antolatu dituzte. Urtarrilaren 17an eta 24an izango dira. Saio bat Astigarragan izango da eta bestea Oiartzunen. Saioak ez dira emakumeentzat bakarrik izango, gizonak ere animatzea nahi dute.
17 plaza, aurten
Aurtengo denboraldiaren inguruan galdetuta, oso balorazio positiboa egin dute Emarriko kideek. «17 plaza egin ditugu. Maiatzetik iraila erdira arte aritu gara ia astebururo. Urriaren 25ean egin genuen azkena. Pasada bat izan da eta oso pozik gaude», azaldu du Olatz Mitxelenak. Hala ere, nahiko luke talde gehiago sortzea eta festetako desafioez aparte, berdinen arteko lehiak ere izatea.
Jende gehiago behar
Daukaten taldea ikaragarria dela gaineratu du Mitxelenak eta taldera batzeko dei egiten die interesa dutenei: «Daukagun giroa izugarrizkoa da eta gaudenok gogoa daukagu jarraitzeko, baina askotan zaila da taldea osatzea lana tarteko. Taldean 10 gara, baina egunean 8 osatzen ez bagara, ezin dugu jokatu. Beraz, nahi dugu jende gehiago animatzea».
Aldaketak
Denboraldi berriari begira, aldaketak izango direla azaldu du Mitxelenak: «Erlojua utzi eta harri tiratzen ariko da berriz Eneritz Gartzia. Eta orain, Egoitz Iturbez gain, Mikel Arriaga ere izango dugu alderdi teknikoa lantzeko. Alderdi teknikoa gehiago lantzeko helburua dugu datorren denboraldian. Fisikoa behar dugula argi dago, baina teknika oso inportantea da. Blokean mugitu behar dugu denok eta hori landu behar dugu: jiroak, arrankea… Asko hobetu dugu, baina asko dugu egiteko oraindik». Horrez gain, Perurenako frontoian entrenatuko dute hemendik aurrera. Aterpea izango dute han. Eta estruktura eta arnes berriak ere egin dituzte.