Talde morea ezin asmatu dabil azken aldian. Eta aurreko astean, azken sailkatuaren aurka galdu ostean, egoera zaildu zaio. Jaitsiera postuetan dauden taldeak gero eta gertuago ditu. Gaur, bolada kaxkar hori atzean uzten ahaleginduko dira astigartarrak, etxeko babesean. Lehia estua izango dute Mariñoren aurka, laugarren sailkatuaren aurka. Arratsaldeko 15:30etatik aurrera neurtuko dira, Zarkumendegi zelaian.
Garaipenak, etxean
Lortutako bi garaipenak etxean lortu ditu Mundarrok eta baita berdinketa ere. Etxean jokatzeak izaten du bere abantaila eta hori baliatzen saiatuko dira moreak. Zaletuen babesa ere ezinbestekoa izango da.
Indarkeria sexistaren aurka
Indarkeria sexistaren aurkako matazak ekimenarekin bat egin du Mundarro kirol elkarteak eta gaur, preferente mailako futbol taldeak pankarta bat zelairatuko du partidua hasi aurretik.