Garraio Hiria (Gipuzkoako Diputazioak kamioientzako egin nahi duen aparkalekua) proiektuari alegazioak aurkezteko epea egon da eta Gobernu Taldeak osoko zuzenketa aurkeztu dio. Halaxe adierazi zuen Andoni Gartzia alkateak, osteguneko Plenoan: «Proiektu honen aurka gaudela argi uzten dugu berriz. Ez dugu Astigarragan egiterik nahi. Garraio Hiria kokatzeko, ez dira kokapen aukera desberdinak landu eta beraz, ez dugu zuzen ikusten Astigarragari egokitzea, azterlan orokor bat egin gabe. Herriak jada jasan ditu hainbat makro-proiektu eta azpiegitura erraldoiak inongo konpentsaziorik gabe. Astigarragarentzako onurak non daude? Beste agroaldea bat garatzeko leku aproposa dugu hori eta kamioien aparkalekua jartzea onartezian da guretzat».
Zuzenketa partzialak ere aurkeztu dituzte, instalazio sareei lotuta. Proiektua egingo balitz, lanak baliatu behar direla uste du alkateak bertako ur, estolderia, energia eta elektrizitate sareak hobetzeko. Gobernu Taldearen aldeko botoekin onartu ziren alegazioak. EAJ abstenitu egin zen eta H1!ek aurka bozkatu zuen.
Eta EAJk Gobenu Taldeari leporatu zion azken momentura arte iritzi bat eman ez izana. Halaxe azaldu zuen Zorione Etxezarragak: «Orain osoko zuzenketa sartu duzue, baina aurretik ez duzue ezer egin. Orain arte ez duzue ezezko irmorik eman. Gure aldetik, proiektua asteartean aurkeztu zitzaigun eta ez dugu ondo ezagutzen». Bixente Arrizabalaga H1!eko bozeramaileak ere zentzu berean hitz egin zuen: «Oposizioari ez zaio aukerarik eman alegazioak egiteko. Gu proiektuaren aurka gaude eta alegazio gehiago ere sartu daitezkeela uste dugu, baina ez gaude ados lan egiteko moduarekin». Alkateak erantzun zien, aurreko Plenoan adierazi ziela proiektua iritsi zela Udalera eta hilabete izan dutela eskatu eta aztertzeko.
Garapen Agentziarekin kritiko oposizioa
Beterriko Garapen Agentziaren estatutuak eta memoria onartu ziren Gobernu Taldearen aldeko botoekin eta oposizioaren kontrako botoekin.
EAJk salatu zuen EH Bilduk negoziaketak eta elkarrizketak eten izana eta adostasunik gabe, alde bakarretik onartu izana eskualdeko garapen agentzia sortzea: «Ez zarete denontzako agentzia bat sortzen ari. Garbitania bezala, gehiengo absolutoa duzuen hiru udalerritan bakarrik onartu da eta beste hiru udalerritan ez. Bailarari bultzada bat emateko hau ez da modua. Legegintzaldia bukatu baino lehen jarri nahi duzue martxan, eta presaka ari zarete. Zalantza batzuk argitzeko eskatu zen eta bat-batean Plenoetara eramaten duzue. Guk ez dugu inor kanpoan utzi nahi eta nahiago dugu itxaron adostasunak lortu arte. Lanean jarraituko dugu zentzu horretan».
EAJ: «Ez zarete ari denontzako agentzia bat sortzen»
Alkateak honakoa erantzun zion: «Estatutuak onartuko zirela esan zen eta EAJk ez du ezer egin. Alegazioak egiteko aukera izan da eta ez duzue alternatibarik proposatu. Presaka egiten ari garela esaten duzue, baina ez da egia. Aspalditik datorren gaia da. Zuek egindako ekarpenak ere sartu dira eta orain ezetza ematen duzue. Hilabete eta erdian ez dugu izan EAJren berririk. Herritarren onurarako beharrezkoa da garapen agentzia eta ezin dugu gehiago itxaron».
H1!ek elkarte pribatu izatearen aurka hitz egin zuen: «Zergatik ez da publiko egiten elkarte hau? Beti zabiltzate publikoaren alde eta orain elkarte pribatua sortu nahi duzue».
Herri baratzak, aurrera
Herri baratzak jartzeko plana eta lursailak erostea onartu zen Gobernu Taldearen eta EAJren botoekin. H1!ek aurka bozkatu zuen. Hilerri aurreko lur sailetan egongo dira. H1!ek halaxe azaldu zuen: «Hasieratik aurka egon gara, baserritar eta nekazariei ez diela batere laguntzen iruditzen zaigu».
Udalak, eskolako obrak ordaintzeko aukera
Udalak txosten bat egin du aztertuz ea baduen aukera eskola haunditzeko obrak ordaintzeko, Eusko Jaurlaritzaren eskumena eta ardura izan arren. Azterketa horren arabera, Udalak beregain hartu dezake obren kostua (1.171.490 euro) eta hiru urtetan finantziatuko luke: 378.454 (2014 urtean), 500.000 (2015ean) eta 293.035 (2016an). Alkateak azpimarratu zuen, aldi berean lanean jarraituko dutela Eusko Jaurlaritzak dagokion laguntza eman dezan, baina obra egitea urgentea dela eta ezin dela zain egon.
Gai honen inguruan, bi puntu bozkatu ziren Plenoan. Alde batetik, txostena. Gobernu Taldearen eta EAJren aldeko botoekin onartu zen eta H1! abstenitu egin zen. Eta bestetik, kontratazio espedientea. Eusko Jaurlaritzaren bermerik ez izatea eta Udalak hiru urtetara finantziatze hori ez dute argi ikusten eta abstenitu egin zen oposizioa.
Anuskako obrak hasteko espedientea, onartuta
Anuskako obrak egiteko kontratazio espedientea ere onartu zen. Beheko lanekin hastea erabaki zuten auzotarrek eta horiexek egingo dira orain. Espedientean, hainbat baldintza zehaztu dituzte eta horien artean dago, fundazioko lurretan ez sartzea baimena lortu arte. Gobernu Taldeak eta EAJk alde bozkatu zuten. H1! abstenitu egin zen.
Arkubiko kurba, haunditu
Santiomendiko errepidean, Arkubiko kurba hobetzeko lanak egingo dira. Kurba zabaldu egingo da eta eremu pribatuan sartuko direnez, Udalak jabearekin hitzarmen bat sinatu du. Hitzarmena onartu zen Gobernu Taldearen eta EAJren aldeko botoekin. H1!ek ez zuen bozkatu.
Horrez gain, obra txikiak arautzeko ordenantza sortu da eta hasierako onarpena eman zitzaion aho batez. 30 eguneko epean jendaurrean egongo da.