Santa Zezilia eguna aurreko larunbatean izan zen eta haren omenez, kontzertua eskainiko du Aiztondo abesbatzak gaur. Emanaldi berezia izango da. Halaxe azaldu du Igor Arroyo zuzendariak: «Berezia izango da, ez delako abesbatza baten kontzertua izango bakarrik. Urtero saiatzen gara Xexili eguneko kontzertuari puntu desberdin bat ematen. Normalean gai bati eusten diogu eta gai horren inguruan estrukturatzen dugu programa. Aurtengoaren ildoa izango da, Astigarragako edo Astigarragan bizi diren musikariekin kolaborazioak. Askotan, kanpoko musikariengana jo izan dugu eta aurten, etxeko jendearekin egitea pentsatu dugu». Eta emanaldia nolakoa izango den gaineratu du: «Musikari desberdinak pasako dira banaka banaka eta elkarrekin kanta bat jo eta abestuko dugu. Instrumentu desberdinak egongo dira: saxofoia, alboka, moko txirula, txistuak, txalaparta, fagota...».
Arratsaldeko 19:30etatik aurrera izango da, Astigarragako Andre Maria elizan.
Urtero, emanaldi berezia
Santa Zeziliaren bueltan eskaini izan dituzten emanaldiak azaldu ditu Arroyok: «Urte batean Europako errenazimentuko musika eskaini genuen. Musikari taldetxo bat ekarri genuen, garaiko musika tresnekin, eta Italia, Alemania, Frantzia eta Ingalaterrako musika intrumentala eta korala egin genuen. Beste batean, filmeetako musika egin genuen, banda sonora deitzen zaiona. Orkestratxo bat montatu genuen hari laukotea, haize laukotea, pianoa eta perkusioarekin. Moldaketak egin nituen talde honetarako. Kontzertu hau erdi ilunpetan egin genuen, kantatzen genituen pelikulen irudiak proiektatuz. Musikagile batzuen urteurrena ere aitzakiatzat hartu izan dugu. Adibidez, Verdiren 200garren urteurrenean, opera zati koral batzuk egin genituen.
Ganbara abesbatza
Gaur egun, Aiztondo abesbatza 9-11 emakumek eta 10 gizonek osatzen dute eta ganbara abesbatza dela esan daiteke. Gehienak astigartarrak dira edo bertan bizi direnak. Hernanikoak (3) eta Donostiakoak (3) ere badaude taldean. Arroyok 2002an hartu nuen abesbatzaren zuzendaritza.