«Gerraz hitz egitean, atzeko biktima horien gerraz ere hitz egin behar dugu»

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 29a

Aurkezpenean azaldu zenuen bezala, Lehen Mundu Gerra dra­ma bat izan zen Iparral­de­an, baina ez milaka hildako eta zauritu eragin zituelako bakarrik.
Politikan, geopolitikan, ekonomian... Europa hankaz gora jarri zuen Gerra Handiak, 1914ko gerrak. Eta gero Bigarren Mundu Gerra, Gerra Hotza... hori guztia ekarri zuen, neurri haundi batean. XXgarren mendeko historiaren hazi gehienak daude 1914ko gerra hartan: klase gatazka, emakumeen borroka, industriaren garapena (batez ere, gerrako industriarena), Europaren be­rran­tolaketa... Eta milioika eta milioika pertsonaren bizitzetan ere eragin zuen, gainera: hildakoak, desagertuak, elbarriak, txikitutako familiak... 
Frantzia garaile suertatu zen gerran, eta oraindik guztiz garatu gabe zegoen ideia bat, Estatu-Nazioaren ideia, indartzeko erabili zuen gerraostea: mugak trinkotu, batasun linguistikoa antolatu frantsesaren inguruan, Errepublikaren aldeko mezua indartu... Historiaren begiratutik, estatuak oso gauza berria dira, eta hori indartzeko erabili zuen Parisek. Elkarrekin hil ziren Errepublika defenditzeko, hori zen ideia, eta herri guztietan dauden hildakoen oroigarri horiek dira Frantziaren alde elkarrekin isuritako odolaren ikurra: «Mourts pour la patrie».

Gai honi buruz Euskal Herrian gutxi idatzi dela eta beharra sentitu zenuela esan zenuen. Gustora geratu al zara emai­tzarekin?
Garai hartan bai, idatzi zuten. Ipar Euskal Herrian gerora ere egin dituzte hainbat lan, baina ia guztiak frantsesez. Eta Hego Euskal Herrian, desagertu eta gal­du egin da historiaren zati hori. Literaturan, gaiari buruzko liburu garaikide bakarra dugu, Xabier Montoiaren Hezur gabeko hilak nobela. 1999koa da. Asko dago ikertzeko, pentsatzeko eta idazteko 1914ko gerrari buruz. Beraz, beharra sentitzen nuen horri guztiari buruz hitz egiteko, baina beldur eta errespetu askorekin hasi nintzen idazten. Orain, ni gustora geratu naizen edo ez, gutxi inporta duela iruditzen zait; orain irakurleak esan behar du lanak merezi izan ote duen edo ez.

Liburuan jarri dituzu zuretzat ezinbesteko izan diren hainbat iturri: Eskualdunako kronikak, 49garren Erreximenduaren Mar­­­txa eta Operazioen Egun­karia, Jacques Tardiren ikerketak eta marrazkiak, eta Do­min­go Ouret soldaduaren egunerokoa, besteak beste. Erraz iritsi zara iturri horietara?
Uste izaten duguna baino errazagoa da horrelako informazioetara iristea. Gaur egun, digitalizatua dago informazio mordo bat, eta eskura daude artxibo historiko original asko. Behin gai bati buruz ikertzen eta arakatzen hasten zarenean, adar mutur asko topatzen dituzu, eta, konstantzia pixka batekin, ez da konplikatua adar mutur horiei tiraka jarraitzea. 

Informazioa biltzea baino zailagoa egin omen zitzaizun idaztea.
Bai, kosta egin zait liburuaren egitura, pertsonaiak, tramak... aukeratzen eta garatzen. Gauza asko kontatu nahi nituen. Idatzi aurretik, pentsatzen nuen liburu hau aukera bat izango zela, izan behar zuela, ahalik eta mural haundiena egiteko 1914ko gerrari buruz. Horregatik, kontatu nahi nuen guztia kontatzeko, ahotsa eta modua aurkitzea kostatu zait. Ondorioa da liburuak ez dituela nobela arrunten egitura eta heldulekuak. Horregatik dei­tu diot inbutua: hasieran oso aho zabala du liburuak, istorio eta per­tsonaje txiki asko erakutsiz hasten da; gero, ordea, estutzen doa kontakizuna, gerran ari di­ren soldaduak hiltzen doazen bezala.

Hasieratik al zenuen argi Filipe Luro izango zela kontakizuna borobilduko zuena? Zergatik Arnegiko ikazkina eta tabakoa landatzen duen pertsonaia bat?
Gerretan hil egiten dituzte per­tsonak. Horretarako egiten dira gerrak, jendea hiltzeko, eta jendea hilez botereren bat irabazteko. Gerrak hasten direnean, inork ez daki zeintzuk biziko di­ren bukaeran. Horrela sartu nin­tzen ni ere gerra honetan. Nobe­laren egitura eta atal nagusiak argi nituen. Argi nituen pertsonaia batzuk ere, horien artean Luro. Protagonista bihurtzea, kasualitate bat da; nere kapritxo bat, edonor izan zitekeelako, neurri batean denak direlako protagonista, eta inor ez, aldi berean. 

Trintxeretara eramaten duzu irakurlea, baina su zelaitik kanpo, Iparraldeko bizimoduaren eta gerra garaiko egoeraren berri ere ematen duzu: familia hautsi eta desegituratuak, emakumeen bakardadea…
Gerrei buruz hitz egitean, gizonek fronteetan egin dituzten gerrei buruz hitz egiteko joera dugu. Baina haiek gerran ari diren bitartean gainerakoek, emakumeek batez ere, badute nahikoa lan eta sufrimentu bizirik irauteko. Gerraz hitz egin behar badugu, horri buruz ere hitz egin behar dugu, horri buruz batez ere. Erronka ito bat gelditu zait liburu hau idazteko bidean: gerrarik agertuko ez duen gerrari buruzko liburu bat idazteko ideia; gerrako beste biktima ho­rien guztien gerra kontatzea, alegia. Baina nola egin hori? Orain­dik ez dut topatu modua. Liburu honetan zertzelada ba­tzuk eman ditut, baina asko dago idazteko horri buruz oraindik.

Gerraren ankerkeria behar bezala erakusteko, estilo bizia erabili duzu. Baina ankerkeria hori irudikatzea eta kontatzea ez zen erraza izango.
Ez, erraza ez da, baina horrelakoetarako izaten da imajinazioa. Batailetako kronika batzuk irakurri ditut, eta imajinazioarekin osatu dut informazio hori; baina irakurleak ere, aldi berean, bere imajinazioa eta bere iruditeria jarri behar ditu lei­tzen ari denean. Eta gaur egun badugu abantaila bat haundia, orain ehun urte existitzen ez zena: zinemak, argazkigintzak, arte plastikoek, komikigintzak... lagundu dute osatzen iruditeria bat ia denari buruz. Beraz, idazleak ez du den-dena deskribatu beharrik, XIXga­rren mendeko nobela haietan bezala.

Ipar Euskal Herriko hizkeran idatzia dago. Zure aldetik, nahiko natural atera omen zitzaizun eta argi omen zenuen hala idatzia behar zuela, sinesgarritasunari begira. Irakurleari begira, ordea, zalantzarik izan al zenuen? 
Zalantzak, asko izan ditut horrekin. Banekien Iparraldekoentzat ez zela haien hizkeraren bera izango, eta banekien Hegoalde­koen­tzat ez zela erraza izango. Tarteko oreka hori bilatzen saiatu naiz: Iparraldekoentzat ahalik eta sinesgarriena izatea, eta Hegoaldekoentzat ez izatea lei­tzeko zaila. Oreka arriskutsu baten bila abiatu naizela uste dut, baina pozik nago orain arte jaso ditudan iritziekin.

Bigarren nobela duzu honakoa. Aurrekoa ere, ‘Ez obeditu inori’, gerra batean kokatzen da: Kubako gerra garaian. Zure nobelak fikziozkoak izan arren, gertakizun historiko bat dute oinarrian. Hurrengo nobela bat ere zentzu berean bideratuko al zenuke? 
Gure egunetan gertatzen diren antzeko gertaera batzuk gertatu izan ziren iraganean, eta gure egunetan ezagutzen ditugunen antzeko pertsonak bizi izan ziren iraganean. Iruditzen zait iraganak gutaz hitz egiten duela. Eta iragana ez ezagutzea gure buru­ak inoratzeko modu bat dela, gaine­ra. Bai Kubako gerra, bai 1914ko gerra, XIXgarren mendeko bukaera eta XXgarren mendeko hasiera hori, guztiz interesgarriak dira, nere ustez, gure garaia ulertzeko, eta literaturarako aukera izugarriak ematen dituztela iruditzen zait, gainera. Eta, halere, oso gutxi landu ditugu. Eta bai, badut beste ideiaren bat buruan, baina ikusiko dugu. Presarik ez daukagu oraingoz, eta beste proiektu batzuk ere baditut eskuetan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!