Basomutilak beldurtu zituen arrobiyua

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 29a

Ikusgarriak dira arrobiyuaren koloreak, hori eta beltzak, eta errespetu latza ematen die ikusten dutenei, berez, hainbesteko pozoirik ez daukan arren. Gor­putzeko hainbat lekutatik pozoi txuri bat  aska­tzen du arrobiyuak, eta hura ahora sartzen duenak azkar askatuko du, zapore amorratua daukalako, eta begiak ere erresumindu litzake.
Hori baino jakintsuagoa da herritarren jakintza, eta horrelako esperientzia txar bat ebitatu nahian edo, kondaira bat oso zabaldua dago Urumea bazterreko bizilagunetan: basoan lanean ari ziren lagun batzuk babak prestatu omen zituzten eltzean. Babak egosteko ura errekatik hartu, eta uste gabe, arrobiyua barrura sartu omen zen.  
Babak prest zirenean, tapa ireki eta arrobiyua han, tripaz gora, zerraldo. Hori ikusita, basomutil batzuk ez omen zuten jan, eta beste batzuk bai; jan zutenak hil, eta jan ez zutenak bizi.
Biologoen esanetan, ez da posible arrobiyuaren pozoiak inor hiltzerik, baina egia da, pozoi hori nahikoa dela beraren bila doazenak urruti mantentzeko.

Batzuentzat etxeko, besteentzat, exotiko
«Baina hori zer da? Hori behin­tzat ez da hemengoa», esaldi hori askori entzungo dio kosta inguruan dabilenak. Izan ere, itsasotik gertuen dauden auzoetan ez da ageri gure mendi-arrobiyua. Santa Barba­ra auzoan edo Jauregin ez dute inoiz ikusi, eta arrotza zaie oso, exotikoa, alegia; auzo horietan arrobiyua beste animalia bati esaten zaio, salamandra salamandra-ren lehengusuari hain zuen, lissotriton helveticus-i. Baso inguruak maite ditu, eta oso kota altuetara iritsi liteke 1.900 metrotaraino ere bai. Ereñotzun eta Osiñagan etxekoa dute, ezaguna oso, bere kolore hori eta beltz distira­tsuek oraindik eta ikusgarriagoa egiten dute, gainera. De­zen­tekoa da, 23cm-ra iritsi liteke, eta geldo-geldo ibiliko da, orbel artean, ur-geldietan, eta leku hezeetan, beti ere. Gau­tarra da, eta txitxareak eta bareak jaten ditu, beste hainbat xo­morroz gain. Baina xomorrorik ezean, elkar jateko kapaz dira arrobiyuak, bere pozoiak atzerakorik ematen ez dion seinale.
Arrobiyua deitzen diote leku gehienetan, baina baita arrobiya, arrubiyua eta abar ere. Mendi-arrobiya ere esaten zaio, eta horrek salatzen du beste lehengusu bat ere badaukala, ur-arrobiya edo ureko arrobiyua, hain zuzen, lauhankekua bezela ere eza­gutzen dena: lissotriton helveticus, edo uhandre palmatua eus­kara batuan. Sala­man­dra da gaztelaniaz, latinezko salamandra salamandraren gi­sa­ra, eta eus­kara batuan arrabioa du izena.
Emeak 30-40 larba jarriko ditu ur bazterrean, eta 6 hilabeteren buruan jaioko dira arrobiyo berriak. Europa eta Siberia gehienean ezaguna da arrobiyua, eta nahiko egoera onean dago gurean, arriskuak ere badituen arren: kotxeak eta eukaliptoa edo pinu landaketak hain zuzen.


FITXAK

1. Rana temporaria - Ingela gorriya / ingela lehorrekua
2. Lissotriton helveticus: Lauhankekua / arrobiyua
3. Bufo spinosus: Zapua
4. Zootoca vivipara: Suangilla
5. Vipera seoanei: Sube gorriya
6. Zamenis longissimus: Sube beltza / sube nabarra
7. Triturus marmoratus
8. Podarcis muralis vs. pod. liolepis: Suangillak
9. Lacerta bilineata: Muskarra / Muzkarra
10. Natrix maura vs. Natrix natrix: Ur subia vs. Sube berdia / sube urdina eta sube lepotxuriya
11. Anguis fragilis: Ziraba / zirauna
12. Pelophylax perezi: Ingela berdia / ingela urekua / iela
13. Salamandra salamandra: Arrobiyua / mendi-arrobiya
14. Alytes obstetricans: Zapo ttikiya

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!