Abenduaren 3a da Euskararen Eguna, eta gaur hasi eta ordura arte, hainbat ekimen antolatu dira Hernanin horren harira. Euskara ari du Hernanin kanpaina jarri dute martxan, AEK eta Udal euskaltegiek, herriko ikastetxe guztiek, Dobera Elkarteak, Banaiz Bagarak, Berriaren lagunek eta Udalak. Berriak Merkatari eta Ostalarien Elkartearen, eta Kaxko auzo elkartearen kolaborazioa ere badu kanpainak.
Gaur egingo da hasiera ekitaldia, 12:30etan, Txantxangorri elkartearen aurrean. Datozen egunetako ekimenak aurkeztuko dira, eta pintxoak ere izango dira.
Euskeraren erabilera zabaltzea helburu
Kanpainaren helburua da euskeraren erabilera ahalik eta haundiena lortzea. Izan ere, egun euskera dakiten eta ulertzen dutenak %80 izan arren, erabilera %39 inguruan dago.
Erabilera ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, ekitaldi berezi bat egingo da abenduaren 2an: Kaxkoan zehar euskeraz bizitzeko eguna. Goizean zehar tailerrak egingo dira udaletxeko arkupetan, Tilosetan, Plaza Berrin eta Zinkoenean, herriko eskoletako haur eta gazteek antolatuta. Era berean, haur-katea egingo dute 11:30etatik 12:00etara Leokatik plazaraino.
Hernanin euskera dakiten eta ulertzen dutenak %80 izan arren, erabilera %39 inguruan dago.
Antzerkia, mintzodromoa eta irakurraldiak
Beste ekitaldi batzuk ere antolatu dira. Bihar, kale antzerkia izango da eguerdiko 13:00etan Plaza Berrin. Astelehenean mintzodromoa egingo da Atsegindegin. Euskera praktikatzeko bi saio izango dira; goizeko 10:00etatik 11:00etara, eta arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara. Azkenik, Euskararen egunean irakurraldiak egingo dira, 18:30etan hasita, Goiz Eguzkin, Urun, Kixkalen eta Txeman.