Pablo Lasa Artisau Azokaren 35garren edizioa ospatuko da bihar Hernanin. Eguraldia dela-eta, postuak eta tailerrak Atsegindegin jarriko dira, Plazan beharrean. Goizean, 11:00etatik 14:30etara egongo dira zabalik, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara.
Postuez gain, tailerrak eta erakustaldiak
Biharkoan hainbat eskulangileren sorkuntzak ikusi eta erosteko aukera izango da, 20tik gora postuetan. Tartean izango dira Hernaniko Ziku bitxigilea edota Pupilbags jostuna ere.
Bestalde, jaki goxoak probatzeko aukera ere izango da: Hernaniko pasta biologikoak edota kontserba begetalak, gazta eta taloak.
Era berean, Karlos Irazuk egur taila erakustaldia egingo du, eta E-Mendik, forjarena. Azkenik, tailerrak ere egingo dira: serigrafia, egurrezko jostailuak, oihalezko panpinak eta makrame pultserak.