EH Bilduren jokabidea salatu zuen atzo Buruntzaldeako EAJk, Beterriko Garapen Agentziaren harira: «ez dute oposizioaren iritzia kontuan hartu, agentzia sortzeko, eta adostasunik gabe eraman du gaia Plenoetara».
Horrek, Buruntzaldeako udalerrien arteko haustura ekarriko duela salatu dute: «hiru Udalek onartu dute agentzia sortzea, Bilduk gehiengo absolutua duelako, eta beste hiruetan ez da onartuko. Herrien arteko haustura azaleratu nahi izan du Bilduk».
«Hiru herri kanpoan geratuta ere, aurrera egin nahi dute»
Hernanin, Astigarragan eta Usurbilen onartu da sorrera, eta Lasarte-Oria, Andoain eta Urnietan kanpoan geratuko direla azaldu du EAJk: «zentzurik al dauka herrien erdia bakarrik biltzen dituen agentzia sortzeak?».
Horregatik, konpromisoa hartu du EAJk, hiru herri horiek bilduko dituen proposamen bateratzailea egiteko: «gure planteamendua da sei udalerriak biltzea. Eta Andoainek ere, bere egoera zailarekin, parte hartzeko modua bilatuko dugu», azaldu zuten.
«Bilduk atzera egitea espero dugu, eta gure agentziarekin bat egitea»
Kanpoan geratuko liratekeen herriekin sortu nahi du agentzia EAJk, baina aurrera begira, beste udalerriak ere sartzea espero dute: «proposatzen dugun agentziaren ateak zabalik egongo dira etorkizunean kide gehiago sartu ahal izateko. Espero dugu Bilduk atzera egitea, eta gure agentziarekin bat egitea».