Beterriko Garapen Agentzia izan zen eztabaidagai nagusia, astearteko Udaleko Plenoan. Agentziaren estatutuak eta aurreneko memoria onartu zituzten, baina desadostasun askorekin: EH Bilduk bozkatu zuen alde; EAJ, PSE-EE eta H1! alderdiek, kontra.
Beste zortzi puntu ere aztertu zituen Plenoak. Etxebizitzak alokatzeko oinarrien plegua onartu zuten aurrena. Udaleko batzordeetan adostu dituzte etxebizitzak alokairuan emateko irizpideak, eta atzo onartu zituzten, H1!en abstentzioarekin.
Aurrekontu parte hartzaileen emaitzari babesa
Plenora eraman zituzten Hernani Erabaki parte hartze prozesuaren emaitzak ere: «Plenoak emaitzak onartzea sinbolikoa da, proposamenei babes politikoa ematea da», azaldu zuen Luix Intxauspe alkateak. Babes hori eman zieten EH Bildu, EAJ eta PSE-EE alderdiek. H1! abstenitu egin zen. Horrela, aurrekontu orokorrean txertatuko dira proposamenak.
«Dragoiak dauzkagula dirudi, txakurrak beharrean»
Lurraldebusen autobusetako araudia ere aztertu zuen Plenoak. EAJk azaldu zuen, ezin zuela araudia onartzearen alde bozkatu, konpainiako animaliei ematen dien tratuagatik: «araudiak dio, besteak beste, kaiola batean eramatea komeni dela, eta bozal batekin. Ematen du, artikulu hori idatzi duenak zerbait daukala txakurren kontra», kritikatu zuen Andoni Amonarraizek, EAJko bozeramaileak. «Dragoiak dauzkagula dirudi, txakurrak beharrean». Araudia onartu zuen Plenoak, EAJren abstentzioarekin.
Euskeraren Egunera begira, idatzia
Idatzi bat aurkeztu zuen EH Bilduk, Euskararen Egunaren harira. Azaroak 29tik abenduak 3ra, bost eguneko egitaraua antolatu dute eragile ezberdinek, euskeraren bueltan. Hernaniarrei dei egin diete, antolatu diren ekintzekin bat egiteko, parte hartzeko eta 365 egunez euskeraz bizitzeko. Idatzia onartu zuen plenoak, PSE-EEren abstentzioarekin.
Garapen Agentziaren bueltan, kontrako ikuspegiak
Plenoaren bukaeran landu zuten eztabaida gehien izan zuen puntua: Beterriko Garapen Agentziaren estatutuak eta memoria. Onartu egin ziren, baina EAJ, PSE-EE eta H1!ek kontra bozkatu zuten. Agentziaren egitura juridikoan sortu ziren desadostasun gehien. Elkarte bezala eratu da, eta aurrerago planteatuko da zein egitura komeni den.
PSE-EEk azaldu zuen, zentzugabea dela elkarte gisa eratzea: «sozietate publiko bat izan beharko luke hasieratik. Ez diogu zentzua aurkitzen elkarte bat sortu eta aurrerago aldaketa planteatzeari. Askoz positiboagoa litzateke hasieratik hartzea egitura hori, eta ez batetik bestera ibiltzea».
«Ezin da lan berdina egin Agentzian eta Udaletan»
EAJk ere, egitura publiko baten alde egin zuen: «milioi bat euro inguru mugituko duen agentzia batek publikoa izan beharko luke; segurtasun ekonomiko haundiagoa izango luke». Agentziari eman beharreko funtzioak ere jarri zituen mahai gainean: «Agentzia sortuta, konpetentziak delegatu behar zaizkio. Alegia, ezin da turismo arduradun bat egon Agentzian, eta beste bat Udaletan». EAJk argitu zuen: «Elkartea izanda, lan horiek bi aldiz egiten dira. Agentzian egiten duzuna, Udalean egin behar duzu berriro. Gai horiek Agentziatik landu behar dira, eskualde osorako»
Alkateak erantzun zien, azkartasunagatik eta eraginkortasunagatik aukeratu zutela elkartea izatea. Gainera, Agentzian Hernaniko Udalaren ordezkariak zein izango diren zehaztu zuten Plenoan: Aitor Miner eta Luix Intxauspe