Zinemaren munduan aurreneko pausoak emateko aukera eskaini du Katihotsak logia kultur elkarteak. Zinema Gerrilla ikastaro zikloa izango da Hernanin, hurrengo hilabeteotan, eta larunbat honetan izango da aurreneko saioa: goizeko 11:00etan, Kontrakantxa gaztetxean.
Lehenengo saioa, bideo kamararen erabilpenari buruz izango da, eta elkarte eta herritar guztiek hartu dezakete parte.
Ikus-entzunezkoen oinarrizko teknikak
Ikastaro zikloaren helburua da, ikus-entzunezkoetan erabiltzen diren oinarrizko teknikak ezagutzera ematea. Horretarako, saio ezberdinak eskainiko dituzte: bideo eta soinu grabaketa, edizioa eta muntaia, argiztapena eta argazkia, efektu bereziak... Bakoitzarekin, ikastaro bana emango dute.
Beste zinema mota bat
Zinema Gerrilla mugimendutik dator ikastaro zikloa. Zinema industriatik harago ere, zinema badagoela aldarrikatzen du Katihotsakek: «Teknologia berriei esker, gaur egun edozeinen eskura dago bideo-lan bat sortzea, etxeko argazki kamara eta ordenagailua erabiliz».
Ikastaroak, doan
Doakoak izango dira ikastaro guztiak, eta hilabetean behin emango dira. Gainera, ez da beharrezkoa izena ematea. Edozein zalantza argitzeko, idatzi katihotsak@gmail.com helbide elektronikora, edo Katihotsaken Facebookeko orrialdean.