Hernaniko EAJ alderdiak proposamena aurkeztu du Udalean, txakurrak aske eramatea baimentzeko, herriko zenbait tokitan. Andoni Amonarraiz alkategaiak azaldu duenez, txakurren jabeek denbora daramate horrelako guneak eskatzen: «duela urtebete, manifestaldia ere egin zuten, Udalari irtenbide bat eskatzeko».
«Bilduren Gobernuak konponbiderik ematen ez duela ikusita», azaldu du EAJk, «proposamen zehatza aurkeztu dugu, zenbait tokitan txakurrak aske eramatea baimentzeko».
«Urtebete itxaron dugu, eta Udalak ez du konponbiderik proposatu. Ea orain, EAJk lana egin ondoren, irtenbidea ematen dioten».
Txakurrak aske, sei tokitan
Sei toki proposatu ditu EAJk, txakurrak aske uztea baimentzeko: San Antonio paradorea, Urbieta kaleko basoa, Ave Maria parkeko igerilekuetako basoa, haurtzaindegi ondoko tranbia deritzon gunea, Florida parkea, eta Balantxa, Atzieta eta igogailuaren arteko berdegunea.
Jeltzaleek eskatu dute, txakurrak izatea arautzen duen ordenantza aldatzeko, toki horietan guztietan txakurrak aske eraman ahal izateko. Gainera, txakur kakak jasotzeko zakarrontziak jartzea ere eskatu dute. «Urtebete itxaron dugu, eta Udalak ez du konponbiderik proposatu. Ea orain, EAJk lana egin ondoren, irtenbidea ematen dioten hernaniarren eskaera honi», adierazi du Amonarraizek.