Esther Lopez hautagai, Gipuzkoa Kirolak 2014 saria jasotzeko

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 25a

Esther Lopez hernaniarraren lorpenak ez dira oharkabean pasa, eta Gipuzkoa Kirolak saria jasotzeko hautagaien artean sartu dute. Boleibol jokalaria, 30 kirolari edo taldeko zerrendan dago, diziplina eta modalitate guztietako gipuzkoarrekin batera.
Kirol bakoitzeko federazioak proposatu du bere hautagaia, eta boleibolean, Esther Lopez izan da aukeratua. Gipuzkoa Kirolak sariak errekonozitzen ditu, kirolari edo talde batek 2014an egindako lorpenak eta merituak. Sari­tuak 3.000 euro jasoko ditu.

Bozketa, publikoa
Edonork eman dezake botoa, Gipuzkoako kirolari onena aukeratzeko. Horretarako, sartu www.gipuzkoakirolak.net helbidean. Bozkatzeko epea abenduaren 9an bukatuko da, eta abenduaren 18an emango dute saria.

Hiru txapelketa Lopezek, 2014 urtean
Urte bikaina izan da 2014a Esther Lopezentzat. Murillo de Rio Lezako (Errioxa) taldearekin, Erreginaren Kopa eta Espainiako Superliga irabazi ditu. Sasoi berrirako, lekuz aldatu da taldea, Logroñora, Naturhouse babeslearekin. Aldaketak aldaketa, irabazten hasi dute denboraldi berria ere, Superkopako txapeldun izanda. Bere kirol ibilbidean, makina bat titulu lortu ditu Lopezek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!