Pixkanaka ari da zerbitzuak gehitzen, Beterriko Garapen Agentzia. Enplegu Zerbitzua eta KOOPeratzen proiektua martxan jarri ondoren, Innoforo deiturikoa aurkeztu zuten ostegunean, eta baita aurreneko saioa egin ere. Zerbitzu berriaren helburua da, jarduera ekonomiko konkretuak sortzea, eta horrekin batera, baita lanpostu berriak ere.
«Elkarlana beharrezkoa da, tokiko garapena bultzatzeko»
Elkarlana izango da proiektuaren giltza, eragile mota desberdinen arteko lankidetza. Horixe da aurkezpenean azpimarratu zutena, instituzio desberdinetako ordezkariek: «arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlana beharrezkoa da tokiko garapena bultzatzeko».
Lasarte-Oriako Villa Mirentxu eraikinean aurkeztu zuten programa, eta aurreneko saioa ere egin zuten. 40 eragile inguruk hartu zuten parte.
15 egunetik behin egingo dituzte saioak, 17:30etatik 19:30etara, aldiro herri batean. Edonork hartu dezake parte.
Aukerak identifikatzea, denen arteko lana
Programaren dinamizatzaileek azaldu zuten, saioen helburua ez dela ikerketa bat egitea: «elkarlana sustatu nahi dugu, jarduera ekonomikoa sustatu eta lanpostuak sortzeko». Horrela, denen artean identifikatu nahi dituzte eskualdeak dauzkan aukerak: sektore estrategikoak eta gorako bidean daudenak, tokiko garapen koherenterako estrategiak, aukera-esparruak, tokiko garapenerako politika bideragarriak...
Saioak, 15 egunetik behin
15 egunetik behin egingo dituzte saioak, 17:30etatik 19:30etara. Aldiro herri batean egingo da saioa, txandaka, eta edonork hartu dezake parte. Saio bakoitzean, gai konkretuak landuko dituzte, eta gai horiekin lotutako eragileak deituko dituzte. Informazio gehiago, udaletxean.