Plenoa bilduko da gaur Udalean, arratsaldeko 19:30etan, eta bederatzi puntu eztabaidatuko dituzte. Horien artean, aurrekontu partehartzaileei buruzkoa izango da bat. Emaitzak eztabaidatu eta aukeratutakoak 2015eko aurrekontuan txertatzeko proposamena aztertuko du plenoak.
Lore-Arte landa eremuko Plan Bereziaz ere ariko dira, eta planaren hasierako onarpena ukatzeko proposamena bozkatuko dute.
Lurraldebusen zerbitzu aldaketak aztergai
Aztertuko dituzte, baita ere, Lurraldebusen zerbitzuetan Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatu dituen aldaketak. Erregelamendua hastapenez onartzea bozkatuko dute.
Ondoren, EH Bildu Udal Taldeak aurkeztutako idatzia irakurri eta eztabaidatuko da: Euskara ari du Hernanin. Euskararen Egunaren harira, zenbait ekintza antolatu dituzte, Hernanin euskeraren erabilera zabaltzeko, eta horiekin bat egiteko deia egingo du taldeak.
Eta bukatzeko, Beterriko Garapenerako Agentziaren estatutuak eta memoria berriak aztertuko ditu plenoak. Eskualde osorako Garapen Agentzia da, orain gutxi martxan jarri dutena, eta eskualdeko herritar guztientzako zerbitzuak emateko.