Zaintzaileen egoera emozionala hobetzen

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 15a

Adineko ezinduak zaintzen dituzten familientzako prestakuntza ikastaroa antolatu dute Ereñotzun. Azaroaren 5ean hasi zen eta bi saio izan dira orain arte. Karmele Gurrutxaga psikologoa da ikastaroa ematen ari dena eta honakoa da ikastaroaren helburu orokorra: Norbere buruaren zaintza: zaintzaileek emozioak kudea­tzea edo zaintzaileen egoera emozionala hobetzea. Eta helburu zehatzak, hauexek: zain­tzaileei behar duten informazio guztia ematea, zaintzarekin erlazionatutako egoera zailetan laguntzea, egoera zailei aurre egiten jakitea, norbere burua zaintzeko teknika eta estrategiak ikastea, komunikazio teknika berriak ikastea... Azken batean, norbere burua zaintzea, besteak ahalik eta ondoen zaintzeko.

Arlo desberdinak lantzen
Arlo eta eduki desberdinak landuko dituzte saio horietan: Distress emozionala: arnasketa eta erlajazioa lantzea; Pentsamendu disfuntzionalak; Pentsamentu eta emozioen arteko harremana; Komunika­zioa eta gaitasun sozialak; Denbora antolaketa;  eta Gene­ro ikuspegia eraikitzen, eta familiarteko korrespontsabilitatea arreta eta zaintzan.

Saioak, asteazkenetan
Lehenengo saioa, azaroaren 5ean izan zen eta 6 lagun elkartu ziren. Bigarren saioa, pasa den asteazkenean izan zen eta 5 lagun izan ziren bertan.
Beste hiru saio geratzen dira: azaroak 19, 26 eta abenduak 3. Asteazkenero izango dira saioak, 15:00etatik 17:00etara, Auzo Udalean.

Beste saioetara azaltzeko aukera
Ereñotzun aurreneko aldiz antolatu da formakuntza ikastaro hau (Sendian programaren ikastaroa) eta Ereñotzuko Auzo Udalak ereñotzuarrak animatu nahi ditu hurrengo saioetara azaltzeko. Jakinarazi dutenez, nahiz eta aurreko saioetara ez gerturatu, hurrengo saioetara azaltzeko ez dago arazorik.
Interesa dutenek, Auzo Udalera deitu behar dute: 943 55 10 00.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!