Ur tuberia edo hodi bat lehertu zen larunbat gauean, 22:00ak aldera, Onddi kalean. Errepideko lurra altxa zuen uraren presioak, eta bizilagunak segituan ohartu ziren ura zijoala, goitik behera. Udaltzaingoak errepidea itxi zuen, eta ordu batzuetan urik gabe egon ziren herriko auzo askotan. Aberia konpondu bitartean urik gabe geratuko zirenaren beldurrez, Leokara bidoiak betetzera joan zenik ere, izan zen.
Aberia, egun batzuetarako
Lurra altxatzen ibili ziren atzo goizean, aberia non zegoen bilatzeko eta momentuz behintzat, ur emaria gelditzeko. Udaleko teknikariak Kronikari azaldu zionez, konponketa lanek egun batzuk iraungo dute, bizpa-hiru behintzat seguru, tubo berri bat pasa behar baitute. Eta ondorioz, Onddi kalea itxita egongo da ibilgailuentzat. Hori horrela, Larramendi kaletik ezingo da Portura jaitsi; eta alderantziz, Portutik ezingo da Larramendi kalera igo. Datozen egunetan, Kronikan jakinaraziko da noiz arte iraungo duten obrek.
Ura, funtzionamenduan
Ura etxeetara itzuli zen atzo, eta azaldu dutenez, hasiera batean ez da mozketarik izango.