Inoiz baino herritar gehiago animatu da aurten Bizilagunak ekimenean parte hartzera. 66 familiek elkarrekin bazkalduko dute gaur, 27 etxetan. Bertako familia bat, eta atzerriko bat elkartuko dira, bietako baten etxean. Ekimena SOS Arrazakeriak antolatzen du, eta AMHERen babesa du Hernanin. Helburua da, bertako eta atzerriko familiak bazkari baten bueltan juntatzea, elkar ezagutu, aurreiritziak puskatu eta harremanak sendotzeko.
Gazteak, nobedadea
Parte hartuko duten familia asko berriak dira. Bertakoen kasuan, erdiak gutxi gorabehera. Azpimarratzeko datua da, aurten gazte asko animatu dela ekimenean parte hartzera; lagunartean elkartuko dira, atzerriko familia batekin.
Etorkinen kasuan, ia gehienak dira berriak. Izan ere, AMHERek herrira orain gutxi etorri diren etorkinak lehenetsi ditu, pixkanaka jendartea eta ingurua ezagutu dezaten.
Familiak eguerdiko 14:00etan elkartuko dira. Bazkaria harrera egingo duen familiak prestatuko du, eta gonbidatuak zerbait eramango du. Dinamizatzaile baten laguntza izango dute, elkartzea ahalik eta onena izan dadin.