Hernaniko Podemos hasi da bere bidea egiten. Zortzi lagunek sortu dute taldea, eta hasi dira aurreneko pausuak ematen. Ostiralean egin zuten aurkezpena Biterin, asanblada gisa, eta txiki geratu zen bilera gela. Ehundik gora hernaniar gerturatu ziren, alderdi berriaren berri izatera. Ibilbide laburra duen alderdia bada ere, pausu eta lorpen asko izan ditu azken hilabeteetan, eta eboluzio hori guztia azaldu zuten hasieran. Europako Hauteskundeetan lortutako emaitzak inflexio puntua izan dira, eta orain adosten ari dira zeintzuk izango diren etorkizuneko ildoak; hau da, alderdiak izango duen ibilbidea.
Taldeak, probintzia eta herrian
Podemosek zentrala Madrilen badu ere, probintzi eta herrietan hasi dira zirkulu edo taldeak sortzen. Gipuzkoak badu berea, eta Hernanik ere, hasi du bidea. Aurkezpenean azaldu zutenez gainera, aportazio asko egin dituzte: «Madrilen bilerak egin dira uztailetik, Podemosek egin behar duen bidea zehazteko. Gipuzkoako zirkulu edo taldeak aportazio asko egin ditu, eta hori datu inportantea da».
Orain, bakoitzak bere beharrak aztertu behar ditu: «zentraletik markatu diren ildoak abiapuntu izanda, herri bakoitzak dituen beharrak aztertu behar ditu. Prozesu konplexua izango da, baina behar beharrezkoa. Herritik sortu behar da politika, eta hori ez da inoiz ahaztu behar».
«Udalarekin harremana izateko tresna izan behar du Podemosek. Instituzioak behetik ‘asaltatu’ behar ditugu»
«Nazkatuta gaude»
Hernaniko Podemos taldea zortzi herritarrek jarri dute martxan: «hernaniarrak gara, normalak, politikan esperientziarik ez dugunak. Nekatuta gaude ordea; nazkatuta ikusteaz, instituzioak herritik oso urruti daudela. Talde honen betebehar nagusia da herritarrei laguntzea. Herritarrak instituzioetara iristeko tresna izan behar du taldeak. Inor ez da inor baino gehiago. Bakoitzak bere ideiak izango ditu, eta asanbladatan aztertu eta onartuko dira».
Azaldu zuten, Hernaniko Podemosen hasierako helburua ez dela alderdi politiko bat sortu, eta hauteskundeetara aurkeztea: «Udalarekin harremana izateko tresna bat izan nahi dugu. Instituzioak behetik asaltatu behar ditugu, parte izatera iritsi behar dugu. Jokorako dituzten arauak barrutik aldatu behar ditugu. Baina prezipitatu gabe».
Herritarrek galdera ugari
Aurkezpena bukatuta, galdera ugari egin zituzten bertaratutako herritarrek. Hauteskundeetara aurkeztuko diren galdetuta, Hernaniko taldeak edo zirkuluak erabakiko duela azaldu zuten: «gauzak poliki egin behar dira, ondo aztertuta. Alderdi politiko gisa ez gara aurkeztuko, baina taldeak hala erabakitzen badu, plataforma gisa aurkeztu gaitezke». Aportazioak ere egin zituzten herritarrek: «zaila izango da denok ados jartzea. Denok ditugu gauzak buruan, helburuak, baino minimoen alderdi bat izatea lortu behar dugu. Gauza batzuetan ados ez egoteak ez du esan nahi elkarrekin funtzionatu ezin daitekeenik. Batzen gaituen gauza asko ditugu hemen gaudenok, eta horrek izan behar du gure indarra».
Astero elkartuko dira
Bertaratutako askok eman zuten izena, Hernaniko taldean parte hartu, eta aurrera egiteko. Azaldu zutenez, asmoa da astero biltzea eta pixkanaka taldea sendotzea: «interesa duten herritar guztien parte hartzea beharrezkoa da». Ostiralean bertan izan ez zirenek harremanetan jartzeko bi bide dituzte: podemos.hernani@ gmail. com; edo Facebooken: Podemos Hernani-Ahal dugu.