«Ereñotzu lasaitasun oasi bat bezala da; osasuna da»

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 22a

Nola bukatu du holandar batek Ereñotzun bizitzen?
Orain dela 3 urte etorri ginen Ereñotzura neskalaguna eta biok. Aurretik, Egian (Donostia) eta Pasai Antxon bizi izandu gara. Nere neskalaguna bertakoa da, Egiakoa, eta alokairuzko etxe batean geunden bizitzen. Pisu edo etxe bat erosi nahi genuen eta Ereñotzun bukatu genuen nere amaginarreba tarteko. Etxebizitza bilatzen lagundu zigun eta Euskal Herri osoa “eskaneatu” zuen. Eta benetan, asko eskertzen diot, leku zoragarrian bukatu baitugu.

Oso erraza izan da Ereñotzura egokitu eta integratzea. Jendea oso irekia eta atsegina da

Eta Euskal Herrira noiz eta nolatan etorri zinen?
Orain dela 11 urte. Neskalagu­nagatik etorri nintzen. Elka­rre­kin hasi ginenean, oraindik ikasten geunden. Neri urtebete falta zitzaidan eta berari bi. Azken urtean, praktikak egitera hona etorri nintzen eta handik aurrera, bizitzera. Hasiera­ko urteetan, nere ikasketekin zerikusirik ez zuen lan batean aritu nintzen, baina gaur egun gustora nago zentzu horretan ere.

Ereñotzu oso leku txikia da eta nahiko nekazal giroko ingurunea dauka. Aldaketa haundia izan da zuretzat? Zaila egin zaizu egokitzea?
Aldaketa ez zait zaila egin. Baina egia esan, oso erraz integratzen naizen pertsona naiz, leku askotan bizi izandu bainaiz eta ohituta nago. Nere bederatziagarren bizilekua da Ereñotzu. Integratzeko, norberak inguruneko arauak errespetatu behar ditu, norbere baloreak galdu gabe. Bertako jendearekin nahastu behar zara, bertako hizkuntza hitz egin, bertako ohiturak ezagutu, bertako tradizioa, eta gizartearen parte izan nahi duzula erakutsi. Eta horrez gain, oso erraza izan da integratzea bertako jendea oso irekia eta atsegina delako. Oso ondo hartu gaituzte.
Bestalde, ni jaiotzez, oso herri txiki batekoa naiz, Ereñotzu­ren antzekoa. Jendea han loreak haztetik bizi da. Kilometrotako zelaiak egoten dira kolore guztietako lorez: tulipak, hiazintoak, nartzisoak... Gehienak, beste herrialdetara esportatzeko izaten dira. Urtean behin, loreen jaialdia egiten dute eta denek mosaikoak egiten dituzte loreekin (hainbat metrotako altuera hartzen dute batzuek eta mugitzen direnik ere izaten da) eta beraien lorategietan jartzen dituzte. Detaile pila izaten dituzte eta benetako koadroak dirudite. Gaur egun, mota hauetako loreak usain­tzen ditudanean, nere herriko oroitzapenak etortzen zaizkit.

Esan didatenez, Ereñotzuko ekintzetan eta festetan parte hartzen duzu.
Pozten nau hori esan izanak! Ekitaldi eta festa asko galtzen ditut, lanagatik asko bidaiatu behar izaten baitut, baina saiatzen naiz ahalik eta gehienetan egoten. Gainera, zortea daukagu ereñotzuarrek asko antolatzen baitituzte. Eta San Antanio jaiak ere badauzkagu. Nere gustokoenak dira Egiako Porrontxo jaiekin batera. Gainera, lagun batekin, ohitura hartu dut larunbateko gaupasa bainu freskagarri batekin bukatzeko. Igande eguerdian, Urumeara salto egiten dugu erropa eta guzti eta gure helburua da urtetik urtera jende gehiago animatzea. Momentuz, ondo goaz. Bi hasi ginen eta aurten hiru izan gara. Ea tradizio bihurtzen dugun eta hemendik urte batzutara herri erdia ibaian sartzen den!

Nolakoak dira ereñotzuarrak eta euskal herritarrak?
Herri guztiei jartzen zaizkien etiketa orokor horietatik harago gustatzen zait mundua ikustea eta ezagutzea. Holandarra izaki, baserritar ile hori eta begiurdin bat izango nintzake, errota baten aurrean zutik dagoena, zuekoak oinetan, tulipa bat eskuan eta porro bat ahoan. Argi dago errealitatea hori baino gehiago dela.  Pertsona baikoitza mundu bat da, baina orokortu behar badut eta nere esperientzian oinarritu behar badut, neretzat Ereñotzuko eta Euskal Herriko jendea, orokorrean, oso jende aktiboa da, oso erraz mobilizatzen dena helburu orokor eta solidario batengatik. Korrika edo Kilometroak bi adibide besterik ez dira, beste hainbaten artean, erakusten dutenak nola gizartea modu masiboan mugitzen den bere hezkuntza, hizkuntza eta baloreak babesteko eta bultzatzeko. Hau ez duzu leku askotan ikusten.

«Ereñotzun, batzuetan, oporretan zaudela dirudi, nahiz eta pare bat orduz bakarrik izan».

Euskera ere ikasi duzu.
Tira, euskera ikasten ari naiz eta oraindik asko falta zait ondo hitz egiteko, baina saiatzen naiz. Nere neskalaguna ezagutu nuenean interesatu nintzen euskerarekin. Orduan, Holan­dan bizi nintzen eta Amster­damen, denda espezializatu batean, euskera ikastaro bat topatu nuen. Gero, hemen, Tolosa eta Pasai Antxoko euskaltegietan aritu nintzen, baina oso denbora gutxian, tamalez ezin izaten bainuen nere lan ordutegiarekin uztartu. Orain senideekin eta lagunekin ikasten dut. Egunero­koan, beste hainbatek bezala, gaizki egiten dut eta bide errazena hartzen dut. Gaztelaniaz hitz egiten dut hobeto espresatzen naizelako, baina geroz eta gehiago, nere burua behartzen dut gauzak euskeraz egitera. Eros­ketak, adibidez. Supermerkatua leku ona da ikasteko.

Zergatik eta nolatan animatu zinen euskera ikastera?
Besterik gabe, jendearekin hitz egin nahi nuen beraien hizkuntzan. Zu Holandara etorriko bazina eta ingelesez hitz egingo bazenit, ingelesez erantzungo nizuke, eta gustora gainera. Baina holandarrez saiatuko bazina, nahiz eta akatsak egin, bihotzera iritsiko litzaidake. Kasu horretan, euskaldunak eta holandarrak oso antzekoak gara; herrialde txiki batekoak gara, hizkuntza propioa duguna eta oso jende gutxik hitz egiten duena. Zaindu eta mimatu egin behar da. Asko gustatzen zait Joxean Artzeren esana: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”. Holandan, hizkuntza gero eta kutsatuagoa dago ingelesarekin eta ez zait gustatzen. Kuriosoa da, baina gure hizkuntza ondoen hitz egiten den lekua ez da Holanda, Flandes baizik.  

Herritar batzuekin mintzapraktika egiten aritzen zarela ere esan didate. Zuri euskara erakusten dizute eta zuk ingelesa erakusten diezu.
Aurtengo San Antonio festetan sortu zen ideia. 3 hasi ginen eta orain 7 lagun gara. Eta esan didate, beste 2 lagunek ere apuntatu nahi dutela. Beraz, hazten goaz! Gutako inor ez da irakaslea, baina dexente ikasten dugu. Astean behin geratzen gara Irrintzi tabernan. Hitz eginez, zerbait hartzen dugu eta elkar irakatsi eta zuzentzen gara. Mitzo-pintxo moduko bat da. Beti esan izan dut jendartean, kalean ikasten dela ondoen hizkuntza bat. Euskera hitz egiten dudan seigarren hizkuntza da eta bat baino gehiago kalean bakarrik ikasi ditut. Holandesa, ingelesa, alemana, gaztelania, papiamentu eta euskera hitz egiten ditut. Papiamentu Cura­çaon ikasi nuen, kalean, beste umeekin jolasten.

Faltan botatzen duzu Holanda?
Familia botatzen dut faltan: nire gurasoak, arreba, ilobak... Zorionez, orain dudan lanarekin aukera gehiago dut bisitan joateko. Horrez gain, Holan­dako koadrila ere badut, baina desberdina da. Beti pozten naiz bueltatzen naizenean, baina egunerokoan ez dut beraien falta sumatzen. Gainera, lotura soziala hemen han baino dexente haundiagoa da. Izan ere, denbora gehiago daramakit leku berean bizitzen. Zorte haundia daukat lagunak baitauzkat Ereñotzun, Hernanin, Donostian, Irunen, Azpeitian, Errezilen, Tolosan… eta baita Bizkaian ere (barrez).

Bukatzeko, ze gustatzen zaizu gehien Ereñotzutik?
Gehien gustatzen zaidana da, Ereñotzu, lasaitasun oasi bat bezala dela. Osasuna da. Etxera itzultzen zara eta pare bat birra hartzen dituzu kalean bizilagunekin, txakurrekin ibaian baina­tzen zara, Onddira igotzen zara, barbakoa egiten duzu lagunekin edo besterik gabe, hamakan etzaten zara. Batzuetan, oporretan zaudela dirudi, nahiz eta pare bat orduz izan. Eta Ere­ño­tzuk, txikia izan arren, gusta­tzen zaizkidan leku asko dauzka. Ho­rie­tako bat, taberna da, jen­de guz­tia elkar­tzen den lekua baita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!