«Diana jotzen hasi ez bagina, txistularirik ez zen egongo orain»

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 22a

Igandero igandero entzuten dira txistu hotsak Astigarra­gan, duela 25 urtetik. 1989ko irailaren 3an jo zuten aurreneko diana herrian, hiru lagun elkartuta, tartean Miel Joxe Astarbe: «gure artean hitz egin genuen, eta erabaki genuen diana jo behar genuela, txistua jotzeko ohitura mantentzeko. Bestela, denborarekin utzi egingo genuen, eta gaur egun ez litzateke txistularirik egongo Astigarragan». 
Horrela hasi ziren, eta ez dira gelditu gaur arte. Horre­gatik, diana berezia egingo dute bihar, herriko kaleetan, aurreneko diana horien 25garren urteurrena ospatzeko. 

Bi erronda, doinu desberdinekin
Bi buelta egingo dituzte herrian, kale eta plazak txistu doinuez betez. Aurrenekoa 09:30etan hasiko dute, eta ohiko ibilbidea egingo dute, Goiko Plazatik hasi eta Joseba Barandiaran plazan bukatu arte. Tartean, saio bereziak emango dituzte zenbait tokitan. Kalejirak eta otoitza doinua joko dituzte aurreneko ibilbide ho­rretan. 
Bigarrenean, 12:30e­tan, dianetako doinuak izango dira protagonista: Markesaren alaba, Bautista Basterretxe... Ibilbide bera egingo dute, eta geldialdi berdinekin.

«Gu Donostian hasi ginen jotzen, herrian ez baitzegoen ezer, kultura aldetik oso pobre zegoen»

«Momentu honetan, txistulari talde polita daukagu»
16 laguneko taldeak alaituko ditu kaleak bihar goizean. Txirrixkla taldekoak izango dira batzuk, igandero igandero diana jotzera ateratzen direnak: «Txirrixklan, 8 gaude orain, danborreroa kontatuta. Baina batzuk oso gutxitan ateratzen dira». Musika Eskolako txistulariak izango dituzte lagun, biharko errondetan: «Beste 8 txistulari badaude, Musika Eskolan. Talde polita daukate orain, eta irakasleak ilusionatuta daude, txistulariren batek urte luzez jarraitu dezakeelakoan. Izan ere, 20 urtetan ez dute bakarra atera; hasi bai, baina 13-14 urterekin utzi egiten dute gehienek».
Ikastolako haurrek borobilduko dute saioa: «10-15 ikaslek, doinu bat joko dute gurekin, bukaeran: Maitea nahi badezu. Iaz hasi ziren txistua ikasten».

«Astigar taldearekin, Wiesbadenera joan ginen 1995ean. Lau saio eman genituen, hipermerkatuetan».

Herrian aurrenekoz, 1973an
Musika Eskolakoen gaztetasuna, Txirrix­kla­ko beteranoen esperientziarekin ba­tu­ko da biharko emanaldian: «kuriosoa da, baina kanpoan hasi ginen gu jotzen, Donos­tian, eta 1973an jo genuen Astiga­rragan aurrenekoz. Garai hartan, herrian ez zegoen ezer, kultura aldetik oso pobre zegoen», kontatzen du Astarbek. Hiru kide atera ziren, aurreneko saio horretan: «Pla­za­tik soziedadera joan ginen. Bertan afaldu, eta ondoren vizcaino batzuk eta biribilketak jo genituen. Oso urduri geunden hirurak», gogoratzen du.
Urtebete beranduago, zita garrantzitsuak gehitu zituzten egutegira: «40 urte bete dira aurten, San­tio jaietan aurreneko aldiz jo genuela, eta baita San Joan bezperan ere». 

Astigar taldearekin, gorantza
Pixkanaka hasi zen suspertzen txistua, bereziki Astigar taldea sortu zenean: «sortu eta urtebetera, 1976an, solfeo klaseak ematen hasi ziren. Txistua eta eskusoinua erakusten zuten, eta hortik atera ziren zenbait txistulari. Horietako hiru, gurekin daude oraindik ere». 
13 urtez eman zuten solfeoa, eta utzi zutenean, hutsune bat geratu zen, harik eta Musika Eskolak bete zuen arte: «1994an sortu zen, duela 20 urte. Mo­mentuz ez da txistularirik pasa Txirrixklara, Musika Eskolatik. Ea orain daudenetako norbait animatzen den».

«San Fermin Txikiton izan gara aurten, eta ikasleak oso gustora aritu ziren»
Ez dira oso maiz aritzen elkarrekin, Txirrixkla taldeko eta Musika Eskolako txistulariak. Baina egin dituzte saio batzuk: «elkarrekin joan gara aurten, San Fermin Txikito jaietara. Aurreneko irteera genuen bi taldeek batera, eta oso gustora aritu ziren ikasleak. Antola­tzaileak ere pozik geratu ziren, eta datorren urtean berriz joatea proposatu ziguten».
Txistua jotzen ikasteko, adin mugarik ez dagoela erakusten du Musika Eskolak: «40 urte inguruko bat badago, eta 8 urtetik beherakoak ere bai».

Alemaniako Wiesbadenen, hipermerkatuetako sarrerak alaitzen
Estreinako irteera, ordea, Ale­maniara egin zuten Txi­rrix­kla taldeko txistulariek: «Asti­gar dantza taldearekin joan ginen 1995ean, Wiesba­denera. Bi saio eman genituen elkarrekin, eta beste bi txistulariok bakarrik». Eszenatoki bitxienak izan zituzten astigartarrek: «hipermerkatuen sarre­retan jo genuen, gonbidatuta. Alema­nia­rrek, nobedade bezala hartu zuten. Ez dakit gustatzen zitzaien, baina barre egiten zuten, behintzat...».
Turismoa egiteko ere izan zuten aukera: «Frankfurt ikusi genuen, baita aireportua ere. Polita ez da, baina...». Fran­tzi­a­ko hiriburuan bukatu zuten, 10 eguneko bidaia: «bueltan Paris ikusi genuen, goizeko seietan iritsi eta gauera arte. Oso esperientzia polita izan zen».

Kontzertu bereziak, asko
Beste bidairik ez, baina gogora­tzeko moduko kontzertu ugari eman ditu Txirrixklak, urte guzti hauetan: «oso saio bereziak eman izan ditugu Trintxerpeko txistulariekin. 96an eta 97an jo genuen Joseba Barandiaran plazan, 30 lagunetik gora. Oso kon­tzertu alaiak ziren. Gainera, garai hartan jende asko anima­tzen zen ikustera».
Berezia izan zen Joakin Iruretagoienari eskaini ziotena ere, Orfeoiko zuzendari izan zenaren heriotzaren 40garren urteurrenean: «Herri askotako txistulariak elkartu ginen, Astigarragako frontoian». 

 

‘Filosofo txikia’, aurreko txistulari bakarra

Txomin San Sebastian euskaltzalea aritzen zen Astigarragako kaleetan txistua jotzen, bakarrik.

«Gure saio ederrenetako bat, Txomin San Sebas­tia­nen omenaldikoa izan zen, 2001eko urrian, elizan», dio Miel Joxe Astarbek. Beraiek Astigarragan aurrenekoz jo baino lehen, San Sebastian ibilia zen txistua jotzen, Astigarragan: «bera bakarrik ibiltzen zen, herriko kaleak txistu doinuez alai­tzen».
Txistularia baino askoz ere gehiago zen San Sebastian, ordea. 1886an jaio zen Astigarragako Gorrane etxean, eta gizon jantzia izan zen: konposatzailea, organu jolea, sakristaua... Euskeraz, gazteleraz, frantsesez eta latinez zekien. Euskaltzalea izan zen San Sebastian, eta Orixe, Pio Baroja eta beste hainbatekin izan zuen harreman estua.
Arturo Campionek Astiga­rragako filosofo txikia deitu zion, bere jakinminagatik. Astigarragako Udalak, herriko seme kuttun izendatu zuen 2001ean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!