Lanpostuak eta jarduera ekonomikoa sortzea helburu

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 22a

Ostegunean aurkeztu zuten, Lasarte-Oriako Villa Miren­txun, Innoforo programa. Aurreneko saioa ere egin zuten. Helburua da eskualdeko garapena bultzatzea; eragile mota desberdinen elkarlanari esker, jarduera ekonomiko konkretuak sortzea, horrekin lanpostuak sortzeko.

Elkarlana, giltza
Aurkezpenean izan ziren Nerea Yurrebaso, Andoaingo Tokiko Garapeneko arduraduna; Luis Intxauspe, Hernaniko alkatea; Pedro Iturbe, Gipuz­koako Foru Aldundiko Lurral­de Garapeneko zuzendaria; eta Carlos Isoird eta Iñigo Urkidi, BIB S.Coop enpresako kideak eta programaren dinamizatzaileak.
Bertan, elkarlanaren ga­rrantzia azpimarratu zuten: «arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlana beharrezkoa da tokiko garapena bultzatzeko. Beterri da garapen agen­tzia ez daukan eskualde bakarra».

40 eragile inguru, aurreneko saioan
Aurkezpena bukatuta, aurreneko saioa egin zuten ostegunean bertan, Villa Mirentxun bildutako 40 eragile inguruk. Tartean zen Andoni Gartzia  Astigarragako alkatea.
Dinamizatzaileek azaldutakoaren arabera, «Innofo­roren helburua ez da ikerketa bat egitea, baizik eta eragile desberdinen arteko elkarlana sustatzea, jarduera ekonomikoa bultzatu eta lanpostuak sortzeko». Helburuak dira, eskualdeko sektore estrategikoak eta gorako bidean daudenak identifikatzea, tokiko garapen koherenterako es­tra­tegia definitzea, aukera-esparruak identifikatzea, au­ke­ra eta ekimenak zehaztu eta martxan jartzea, eta tokiko garapenerako politika bi­de­ragarriak identifikatzea.

Saioak, 15 egunean behin
Osteguneko saioan sei udalerrietako politikari eta enpresetako eragileek eskualdeko jarduera sozioekonomikoak identifikatu zituzten.
Hamabost egunean behin egingo dituzte bi orduko saioak, 17:30etan hasita, aldiro, udalerri batean. Saioetan edonork hartu dezake parte. Hala ere, saio bakoitzean gai zehatzak landuko dituzte, eta horrekin lotuta eragileak deituko dituzte. Informazio gehiago, udaletxean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!