Semifinalerako pasea jokoan gaur, Barrenetxeak

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 22a

Irabazi edo irabazi. Beste aukerarik ez dauka Endika Barrenetxea hernaniarrak gaur, Binakako Txapelketan. Zeberio IIrekin, ligaxkako azken partidua jokatuko du, Etxeberria IV eta Etxeberria IIIren kontra. Ezin interesgarriagoa da partidua: irabazten duen bikoteak, semifinaletarako azken txartela lortuko du. Zita arratsaldeko 16:00etan, Galarretan.
8 punturekin daude Zeberio eta Barrenetxea; 6rekin Etxebe­rriatarrak. Baina tantoek ez diote ezertarako balioko gaur, 40ra iristen ez denari: «dena jokatuko dugu azken partidu honetan», dio Barrenetxeak.

Zeberio eta Barrenetxea, «konfiantza haundiarekin»
Konfiantza haundiarekin iri­tsiko dira Zeberio eta Barrenetxea, partidu erabakigarrira: «aurreko astekoak, galduta ere, konfiantza eman zigun. Oso zail geneukanean, gure jokoa egiten hasi ginen, eta buelta eman genion ia». Gainera, goraka doa bikotea, oso juxtu hasi ondoren: «gero eta hobeto konpenetratzen ari gara, bakoitzak bere lekua hartzen».
Irabazteko aukera asko ikusten ditu Barrenetxeak, baina badaki ez daukatela fidatzerik: «dena jokatzen dugu partidu bakarrean, eta final bat bezalakoa izango da. Presio haundia dago, beraz, eta egoera horretan, edozer gerta daiteke».
Ondoren, Uterga-Endikak eta Ezkurra-Ionek, ligaxkako bigarren postua jokatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!