Seaskari eskainiko dizkiote Gipuzkoako errugbi derbiak, Hernanik eta Ordiziak. Bi partiduetan, takillan lortutako dirua Iparraldeko Ikastolen Federazioarentzat izango da: «ezin ederragoa izan da bi taldeek emandako erantzuna, eta errugbizale guztiena, Seaskaren laguntza deiari», eskertu zien Paxkal Indok, Seaskako presidenteak.
«Errugbiak indar haundia dauka Iparraldean, eta hortik indarra ematea oso polita da», azaldu zuen Indok, ostegunean eman zuten prentsaurrekoan.
Partidua eta paellada Hernanin, abenduak 30ean
Aurreneko partidua, hurrengo igandean jokatuko da, abenduak 30, Hernanin: «festa ederra izango da, giro eta jendetza haundiarekin; festa luzatzeko, paellada egingo dugu partiduaren ondoren», aurreratu zuen Joxe Elosegik, Hernaniren ordezkariak.
«Udan, Biarritzen kontrako lagunartekoa bertan behera geratzean, erabaki genuen Gipuzkoako partidu garrantzitsuena aprobetxatzea, Seaskari laguntzeko», argitu zuen Elosegik.