Nesken trainerua izango du Hernanik, datorren denboraldian

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 22a

Uretara aterako da berriro, Hernaniko Arraun Elkartea­ren trainerua. Klubaren so­to­an egon da jasota, Amilibiak egindako trainerua, eta argia ikusiko du berriro, datorren denboraldian. Nesken traine­rua izango du Hernanik 2015ean, zazpi urtez atera gabe egon ondoren.

Dagoeneko hasi dituzte entrenamenduak, denboraldi berria prestatzeko. Aurreko larunbatean egin zuten aurreneko saioa, Pasaiako portuan.

«Aro berri bat irekitzen da, pauso honekin»
Nesken trainerua ateratzea, pauso garrantzitsua da arra­un elkartearentzat: «esan liteke, honekin aro berri bat irekitzen dela». 2007an izan zuen Hernanik trainerua azkenekoz, gizonezkoetan lehiatu zirenean. Hurrengo urtean, aldaketa sakonak egin zituzten taldean, eta helduena alde batera utzita, gaztetxoen mailetan zentratu ziren. Horren ondorioz, 60 arraunlari dauzka Klubak orain.

Harrobiko 13 arraunlari, eta Tolosako 8-9
Harrobiko 13 neska ariko dira traineruan, eta taldea osatze­ko, Tolosako Arraun Kluba­rekin egin dute akordioa: hango 8-9 arraunlari ariko dira Hernanirekin.
Juanjo Etxarte izango da entrenatzailea, eta Iñigo Herrero ariko da prestatzaile fisiko lanetan. Trintxerpeko arraunlari izan zen Herrero urte askotan, eta Donostiarra taldean ariko da aurten.

Babesle bila, aurrekontua osatzeko
Alderdi fisikoa lantzen hasi­ dira dagoeneko, eta orain, ekonomikoa osatzea falta zaie: urteko aurrekontua. Horretarako, babesle berriak lortzeko ahaleginak egiten ari da taldeko zuzendaritza. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!