«Oso harreman berezia daukagu abesbatzako kideok. Batzuentzako da: familia, lagunak eta Kantuz. Asko disfrutatzen dugu», kontatzen du Nuria Barbak, Kantuz abesbatzako idazkariak. «Eta entsaio bakoitzaren ondoren, denok elkarrekin joaten gara pote bat hartzera. Oso momentu politak izaten dira. Hori ez da aldatu, Kantuzen 25 urte hauetan», gogoratzen du Ina Idarreta presidenteak.
25garren urteurrena du Kantuz abesbatzak, eta ospatzeko, ekitaldi ugari antolatu dituzte: «oso gauza berezia da 25 urte betetzea, baina aldi berean, gogorra ere bai. Izan ere, abesbatzako kide batzuk galdu ditugu, ospakizuneko ekitaldien antolaketan parte hartzen ari zirenak. Oso gogoan dauzkagu urte hauetan galdu ditugunak. Sentsazio gazi-gozoa da urteurrena ospatzea».
Santa Zezilia egunez, emanaldi berezia gaur
Dagoeneko hasi dira urteurreneko ekintzekin. Kontzertu berezia eskaini zuten Gasteizko Oskarbi abesbatzarekin, Milagrosan, orain bi aste. Gaurkoa izango dute bigarren ekitaldi garrantzitsua: Santa Zezilia egunez, Atsegindegin ariko da Kantuz abesbatza, 19:00etatik aurrera, herriko beste talde askorekin batera. Bertan izango dira Goiz Eguzki abesbatza, Parrokiko abesbatza, Hernaniko eta inguruko txistulariak, Metal boskotea eta Ttarla dantza taldea.
Aurreneko bi ekitaldiak, ikasturte osoan zehar luzatuko diren ospakizunetan. Santa Agedakoak markatuko du urteurrena: «hori izan zen gure aurreneko emanaldi publikoa, 1990ean. Horregatik, gustatuko litzaiguke 2015ekoan emanaldi hori egitea abesbatzatik pasa diren guztiekin», diote Barbak eta Idarretak.
«Kantuz abesbatzaren sorrerak interes haundia sortu zuen. 100 lagun bildu ginen hasierako deialdian, adin guztietakoak eta edozein ofiziotakoak».
«Abesbatza sortu zenean, interes haundia sortu zuen»
Santa Ageda bezperakoa izan zen aurreneko saio irekia, hilabete batzuk lehenago sortu zen talde batentzat: «zarauztar talde batek musika ematen zuen Hernanin, eta haiek sortu zuten abesbatza, Udalak proposatuta. Deialdia egin zuten, eta 100 bat lagun bildu ginen. Interes haundia sortu zuen». Herrian, behar hori bazegoela uste dute Barbak eta Idarretak: «Hernanin beti egon da abesteko zaletasuna eta grina, eta hutsune bat zegoen zentzu horretan».
Adin eta ofizio askotariko jendea animatu zuen abesbatzaren sorrerak: «oso gaztetatik hasi eta jubilatuetara, okinak, igeltseroak, irakasleak... Denetarik zegoen, aurretik beste abesbatza batzuetan arituak edota besterik gabe kantatzeko gogoa zutenak». Hasierako boom hori igarota, zenbaitek utzi egin zuten, baina indarrik ez zuen galdu Kantuzek: «denbora asko eman genuen abesbatza haundia izaten, eta 200 pertsona baino gehiago pasa dira Kantuzetik, urte guzti hauetan. Urteak daramazkigu 40 kide inguruko taldea izaten».
«Oso gauza berezia da 25 urte betetzea, baina aldi berean, gogorra ere bai. Abesbatzako kide batzuk galdu ditugu urte hauetan, eta oso gogoan dauzkagu».
«Kantariak asko aldatu dira, baina izaera berdina da»
Asko aldatu dira Kantuzen aurpegiak, 25 urtetan: «hasieratik, 10 lagun bakarrik gaude orain». Abesbatzaren izaera, ordea, bere horretan mantendu da, urteak joan eta urteak etorri: «hasieratik oso herrikoia izan da. Herriko gauzetan hartzen dugu parte, eta gabonetan, San Joanetan, Santa Agedan...», dio Idarretak.
Ez da aldatu funtzionatzeko modua ere: «sorreratik bertatik, astelehen eta asteazkenetan entsaiatu dugu beti, eta ordu berean, 19:15etan», gogoratzen du Barbak. Entsaioaren ondorengo poteoa ere ez diete aldatu urteek, Kantuzeko kideei: «elkarrekin joaten gara, eta oso momentu politak dira».
Bost zuzendari, beste horrenbeste estilo
Historian zehar, bost zuzendari izan ditu Kantuz abesbatzak: «bost etapa ezberdin izan dira, bakoitzak bere estiloa eman dio. Eta sekulako zortea izan dugu, guztiek oso ondo enkajatu dutelako abesbatzan». Jaione Eskudero izan zen aurrenekoa, abesbatzari nortasun propio bat eman ziona. Arantxa Astigarragak hartu zion testigua, eta Javier Zubimendi izan zen hirugarren zuzendaria: «berarekin egin ditugu gauzarik berezienak. Sormen haundiko zuzendaria izan zen, eta kantutik harago joaten zen».
Zubimendiren zuzendaritzapean egin zuten aurreneko irteera ere, Bartzelonara: «oso emanaldi bitxia egin genuen han, axeri dantza, dantza ezberdinak, kantua... elkartuz».
«Italiara joatea, esperientzia ikaragarria izan zen»
Ordutik, irteera gehiago egin ditu abesbatzak. Italian egon ziren, 2009ko Aste Santuan: «esperientzia ikaragarria izan zen. Konbentu batean egon ginen, herri txiki batean, monja eta apaizekin. Oso oso ondo pasa genuen».
Zubimendik utzi zuenean, inor ez zegoen prest kargua hartzeko: «horregatik, soldata bat jarri behar izan genuen, eta azken urteotan zuzendaria profesionala da Kantuzen», azaldu du Idarretak. Amaia Sasiainek hartu zuen ardura: «abesbatzan zegoen aurretik, eta entsaio guztietara etortzen zen. Gaztetasunaren freskura ekarri zuen berak», dio Barbak.
Igor Arroyoren aginduetara kantatzen dute egun, abesbatzako kideek: «edozertara egokitzen da, taldearen erabaki guztiak errespetatzen ditu. Eta bere lorpen haundiena, guk eliz kantuak abestuz disfrutatzea izan da».
«Gazteak ez dira animatzen, eta ez daukagu erreleborik»
40 kideko taldean, helduak dira kantari guztiak. Nuria Barbak datu bakarrarekin laburbiltzen du: «Kantuz sortu zenean, ni nintzen gazteena; eta 25 urte beranduago, gazteena izaten jarraitzen dut». Izan ere, gazteak ez dira animatzen: «errelebo falta oso nabarmena da. Onena izango litzateke, Musika Eskolako abesbatzatik Kantuzera pasatzea, eta Kantuzetik Goiz Eguzki abesbatzara. Gazteak ez badira sartzen, desagertzera egingo dute abesbatzek».
Gaztetasun falta hori are nabarmenagoa da gizonetan: «apenas dago gizonik, jubilatuta ez dagoenik». Baina gaztetasunaren ordainetan, seriotasuna da abesbatzaren giltza: «oso serio hartzen dugu, gure lana balitz bezala, eta ia inor ez da faltatzen entsaioetara».
«Kantuz sortu zenean ni nintzen gazteena; eta 25 urte pasata, gazteena naiz oraindik», dio Nuria Barbak.
«Alemanez, errusieraz edo frantsesez ere abestu dugu»
25 urtek askorako ematen dute, eta denetarik egin dute Kantuzeko kideek: «kantatzeaz aparte, mila gauza egin ditugu: bi antzezlanetan hartu dugu parte, telebistan ere egon gara, Oh happy day lehiaketan...».
Mugarik ez diote jartzen bere buruari, eta mota guztietako kantuekin animatzen dira: «euskal folklorea beti dago presente gure emanaldietan, baina mota guztietakoak abesten ditugu. Eliz musika kontzertua, esaterako, oso kuttuna da abesbatzarentzat». Eta hizkuntza ere ez da oztopo, kantuan aritzeko: «alemanez, errusieraz, frantsesez... ere abestu dugu».
Orain 15 urte bezala
Kantuzen historian emanaldi berezienetako bat, 10garren urteurrenean eskaini zuten kontzertua izan zen. Kiroldegiko frontoian izan zen hura, herriko beste zenbait talderen laguntzaz. Herriko taldeak izango dituzte lagun gaurkoan ere, 25garrenean eta Atsegindegin, are bereziagoa izateko esperantzaz.
«Oso intensoa izango da urteurreneko ikasturtea»
Hainbat ekitaldi berezi egingo ditu Kantuz abesbatzak, ikasturte honetan, 25garren urteurrena ospatzeko. Urteroko zitak, ordea, ez dituzte alde batera utziko.
Atsedenerako tarte gutxi izango dute Kantuz abesbatzako kideek, ikasturte honetan. Oso intensoa izaten bada normalean, are eta intensoagoa izango da urteurrenean. Urteroko zitak baztertu gabe (Gabon kanten topaketa, preludioa, San Joan bezperako kontzertua...), hainbat ekitaldi berezi prestatu dituzte. Saio horien nondik norakoak kontatu dituzte Nuria Barbak eta Ina Idarretak.
Santa Zeziliako kontzertua
«Goiz Eguzki eta Parrokiko abesbatzak, Ttarla dantza taldea, Metal boskotea eta Hernani eta inguruko txistulariekin egingo dugu. Sandiusterrin izaten da, baina aurten ez gara sartzen, eta Atsegindegi utzi digute. Bereziki faltan botatzen dugu areto haundi bat edukitzea».
Santa Ageda bezperako erronda
«Santa Ageda bezperan atera zen kalera Kantuz aurrenekoz, 1990ean. Oso berezia izango da aurtengoa, beraz. Abesbatzatik pasa diren kide guztiak gonbidatuko ditugu, egun horretan gurekin ateratzera, eta ondoren sagardotegi eder bat egitera».
Kontzertu sakroa
«Oso kuttuna da guretzat eliz musika kontzertua. Ikasturte honetan, San Joan Bataiatzailea parroki elizan egingo dugu aurrenekoz, Musika Bandarekin, eta Ozenki eta Musika Eskolako abesbatzekin. Azken urteotan Agustinetan egin dugu, laguntza instrumentala eta guzti, eta oso polita izan da».
Pazku asteko kruzeroa
«Abesbatzako kideak eta animatzen diren herritar guztiak joango gara kruzeroan, Mediterraneoan barrena. Ideia, Italiara egin genuen bidaitik atera genuen: herri txiki batean geunden, konbentu batean, inora mugitzeko aukerarik gabe. Eta han bertan, gure artean, oso ondo pasa genuen. Konturatu ginen oso giro ona sortzen dela horrela. Egoera oso antzekoa da kruzero batean. Eta ikusita kruzeroan bertan kantatzeko aukera ere bagenuela, oso ideia polita iruditu zitzaigun. Kontzertua oso dibertigarria izango da, seguru. Eta herritar eta babesleek ere joateko aukera dute horrela».
Kantuz Eguna
«Bereziki, gure babesleei eskainitako eguna da, urtero kuota baten bidez laguntzen diguten horiei. Aurten, gure historiari buruzko emanaldi bat eskaini nahi dugu, abesbatzatik pasa diren zuzendari eta kideen parte hartzearekin. Eta gure showak ez dira faltako, noski».
Inauterietako karroza
«Hiru urtez, karroza batean atera ginen kantari: gizakiaren jatorriaren kontuarekin behin, beste batean sevillanoz jantzita, Rociora joango bagina bezala, eta azkenekoan Aita Santuaren etorrera irudikatzen. Oso polita izan da, eta aurten ere asmoa daukagu, zerbait prestatzeko».