Gabonak euskeraz gozatzea baino plan hoberik? Dobera Euskara Elkarteak eskaini du aukera paregabea, horretarako. Negulekuak antolatu ditu, Gabonetako oporrak euskeraz pasatzeko, eta aisialdiaz gozatzeko. Hirugarren aldiz antolatu dituzte Negulekuak, aurreko urteetako arrakasta ikusita.
Izen ematea, lehenbailehen
Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, eta abenduak 16 izango da apuntatzeko azken eguna. Dena den, plazak mugatuak dira, eta lehenbailehen egitea gomendatu dute antolatzaileek. Horretarako, bi aukera daude: Doberaren bulegotik pasa (Larramendi 11, behea; Hernani), orria bete eta entregatu; edo elkartearen emailera idatzi, dobera@dobera.com.
3 eta 9 urte arteko haurrentzako dira, eta egunero elkartuko dira, 09:00-13:30.
Astebete edo bi aste, aukeran
Aurten, gainera, nobedade bat ere badago: aukera emango dute astebeterako edo bi asterako apuntatzeko. Astebeteko matrikula 40 euro dira, Doberako bazkideentzat 30 euro. Eta bi astekoa eginez gero, 70 euro, bazkideek 55 euro.
3 eta 9 urte arteko haurrei zuzenduta
Haurrentzat antolatutako egitasmoa da. Zehazki, 3 eta 9 urte artean dituzten haurrek hartuko dute parte; 2005 eta 2011 urteen artean jaiotakoek, hain justu.
Egunero elkartuko dira haurrak, eta goiz osoa pasako dute elkarrekin. Goizeko 09:00etan izango dute hitzordua, eta eguerdiko 13:30etara arte ariko dira jolasean.
Ipuin kontaketak, tailerrak, abestiak, olinpiadak...
Gabonetako oporrez gozatzeko, ekintza asko eta asko egingo dituzte, egun horietan: ipuinak kontatu, abestiak kantatu, tailerrak, jolas ezberdinak, ginkanak... Neguko olinpiadak ere egingo dituzte, eta herri kiroletan arituko dira.
Doberak haur guztiak animatu nahi ditu apuntatzera, ez direlako damutuko: «aurreko urteetan primeran pasa izan dugu, eta oraindik hobeto pasako dugu aurten!».