Basquetour, Euskadiko Turismoaren Agentziak eta Behemendi-Donostialdea Turismoguneak bultzatutako egitasmoa da Euskadi Gastronomika Produktu Kluba. Helburua da eskualdean turismo enogastronomikoa lantzea eta bertako gastronomia aberatsa sustatzea.
Horrela, ziurtatu egiten da elikagaien eta zerbitzuaren kalitatea Euskadi Gastronomika markaren izendapena lortzen duten euskal gastronomiari eta turismo gastronomikoari lotutako enpresetan. Astelehenean egin zen izendapenak banatzeko ekitaldia, Orona Fundazioak Hernaniko Galarreta Parke Teknologikoan duen egoitzan.
40 enpresen artean, 13 Astigarragakoak
Guztira, 40 enpresa dira Euskadi Gastronomika Produktu Klubean sartu diren enpresak; tartean, 13 Astigarragakoak.
Sagardotegien artean: Alorrenea, Bereziartua, Etxeberria, Gurutzeta, Iretza, Larrarte, Petritegi, Rezola eta Zapiain. Jatetxeen artean: Ibai-Lur eta Roxario. Bestalde, Astigarraga Pentsioa ere sartu da klubean, eta baita Sagardoetxea Museoa ere.
Euskadi nazioarteko erreferentzia bilakatzea
Ekitaldian azpimarratu zen programaren helburua dela Euskadi zein potentzial enogastronomikoa duten eskualdeak nazioarteko erreferentzia bilakatzea.
Era berean, Roxario Jatetxeko Charo Zapiainek, Klubeko partaideen ordezkari moduan aipatu zuen elkarlanaren garrantzia, klubaren helburuak lortu nahi badira: «egunetik egunera eskaintza dinamikoagoa eta hobea lortzea, eskualdeko herrietan grina sortzea, eta turismo gastronomikoari dagokionean, Donostialdea erreferente bihurtzea».