Euskerari eskainitako bost egun, Hernani egunero euskeraz bizi dadin

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 22a

Euskera ariko du Hernanin, bazterrik bazter, azaroaren 29tik abenduaren 3ra, Euskeraren Egunera. Baina, arrapaladan dena bota eta desagertzen den ekaitza baino, egunero egunero bustiko duen xirimiria izatea nahi dute. Euskerari eskainitako bost egun izango dira, baina helburua da aurrerantzean Hernani egunero euskeraz bizitzea.
Aste osoko egitaraua pres­tatu dute, herriko eragile des­berdinek: AEK euskaltegia, Udal Euskaltegia, Dobera Eus­kara Elkartea, BanaizBagara, Berriaren Lagunak, Hernaniko Udala, eta herriko ikastetxeek; Elizatxo, Langile, Urumea, Inmakulada eta Hernani BHI.

Bost egunez, euskera indartzea helburu
Azaroaren 29an egingo dute hasiera ekitaldia, Txantxan­gorri elkartearen aurrean. Eguerdiko 12:30etan izango da, euskera indartzeko asteari hasiera emango dion saioa. Hurrengo egunean, igandean, kale antzerkia izango da Plaza Berrin, 13:00etatik aurrera.
Mintzodromoak hartuko du txanda astelehenean. Bi saio egingo dituzte, Atsegin­de­gin, ordubetekoak: goizean, 10:00e­ta­tik 11:00etara; eta arra­tsal­dean, 18:00etatik 19:00etara. Parte hartzeko, aurrez eman behar da izena:  943 33 18 96  edo euskaltegi@hernani.net.

Kaxkoa euskalduntzeko saiakera, abenduaren 2an
Abenduaren 2an izango da ekitaldi nagusia. Kaxkoa eus­kalduntzeko saiakera egingo dute, eta horretarako, denen ekarpena eskatu dute: egiten diren erosketa, jolas, elka­rriz­keta... guztiak, euskeraz egin ditzatela. Bakoitzak, ahal duen neurrian, euskeraz egin dezala, 24 orduz... eta aurrerantzean.
Eta Euskeraren Egunean, irakurraldiak izango dira herriko lau tabernatan: Goiz Eguzki, Uru, Kixkal eta Txema. Arratsaldeko 18:30etan hasita, bertsoak, prentsa artikuluak, ipuinak... irakurriko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!