«Hormigonera garbiagoa da»

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 15a

Astigarraga Lantzeneko admi­nis­­trazio kontseiluan pleguak onartu ziren Zarkumendegiko partzela bat alokairuan jartzeko eta bertan obra hondakinen birziklapen planta bat jartzeko. H1!ek kontra bozkatu zuen eta arrazoiak azaldu ditu: «Alde batetik, gehiegizkoa iruditzen zaigu 12 urteko alokairua, inguru horren etorkizuna baldintzatzen baitu. Bestetik, jarduera horrek leku asko behar du eta ingurunea zikintzen du. Plegu honek ez du ezer aipatzen ze azpiegitura beharko diren horrelako jarduera bat martxan jartzeko; hala nola: sarrera, bertara iristeko bidea, ura, argia… Bilduk dioen bezala, mota honetako lehenengo planta litzateke Gipuzkoan, eta beldur gara lurralde osoko obra hondakinak ez ote diren Astigarragara etorriko. Eta ho­rrek kamioien joan-etorria ere ekarriko du».
Bilduk esandakoaren kontra, ez duela Gipuzkoa berdeagoa izatea ekarriko dio: «Bilduk esaten due­nean, “jarduera ho­ne­kin argi geratzen dela berriz ingurumenaren eta hondakinen kudeaketa ego­ki eta jasangarri baten alde egiten duela, herri eta lurralde berdeagoa eta jasangarriagoa lor­tzeko”, barregurea sartzen zaigu, negar ez egiteagatik, obra honek ekarri ditzakeen arazoak kontuan hartuta. Arazo horiek, argi azal­du dugun bezala, ez dute lu­rralde berdeago bat irudikatzen».

Hormigoneraren alde
Bilduren gobernu taldeak, «txapuza berri honekin» aurreko proiektua kritikatzeko aprobe­txa­tzen duela gaineratu du H1!­ek: «Proiektu haren oinarria zen, partzela saltzea (horrela Astiga­rra­ga Lantzenek Udalarekin daukan zorra ordainduko zen) eta hormigonera bat jartzea. Eta berriz autobonboa eginez, halaxe dio Bilduk: “Iraganeko ereduak alboratzeko garaia da (hormigonera) eta alde batera utzi nahi dugu baita ere mugarik gabe eraikitzea eta adreilua eta hormigoia sustatzea”».
Hipokresiatzat jo du H1!ek: «Hori, Urumea Berrin 200 etxebizitza eraikitzen ari den gobernu talde batek dio. Eta orain Ikastola haundituko dutela kontuan hartuta, hormigoia baztertuko dute? Eta Bilduko hauek egurrezko txaboletan bizi al dira ba? Guk hormigoneraren alde egiten jarraitzen dugu jarduera garbiagoa eta jasangarriagoa de­lako birziklatze planta ho­ri bai­no. Astigarraga, obra honda­ki­nen hiriburu bihurtuko dute».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!