Musikarien zaindaria da Santa Zezilia, eta honen omenez, ospakizun ugari izango dira datozen egunetan.
Musika Eskolako kideak, gaur eta bihar
Aurre hartu, eta gaur eta bihar emanaldi bat baino gehiago eskainiko ditu Musika Eskolak. Zazpigarren urtez, Musikalean ekimena antolatu dute. 17:30etan abiatuta, trikitilari, txistulari, akordeoilari eta bandako kideek herriko kaleak girotuko dituzte. Ekimena Euskal Herriko beste 50 herrietan ere egiten da urtero, eta arrakasta haundia du.
Kontzertu formala, biharkoa izango da. 18:30etatik aurrera, Santa Zeziliako kontzertua eskainiko dute Biterin. Gogotik entsaiatutako kantuak, zuzen-zuzenean entzuteko aukera izango da. Parte hartuko dute abesbatzak, eta saxo, soka , akordeoi, gitarra, trikitixa, txalaparta eta pianoko ikasleek. Urteko lana saritzeko eguna ere izango da biharkoa. Diplomak jasoko dituzte maila ezberdinetako ikasketak gainditu dituzten ikasleek.
Kantuzek, Santa Zezilia kontzertu berezia
25 urte bete ditu aurten Kantuz abesbatzak, eta ospatze aldera, emanaldi ugari antolatu dituzte. Larunbatean dute datorren hitzordua. Kontzertua eskainiko dute, iluntzeko 19:00etan Atsegindegin. Egun berezi honetan gainera, lagun izango dituzte beste hainbat talde: Goiz Eguzki abesbatza, Hernani eta inguruko txistulariak, Metal boskotea eta Ttarla dantza taldea.