Azkenean, puntu bat gehitzea lortu zuen Mundarrok Hernaniren kontrako derbian: 1-1. Partidu bizi eta erritmo haundikoa jolastu zuten bi taldeek Zarkumendegin. Atsedenaldira, golik gabe iritsi ziren. Bigarren zatian, berriz, erritmo haundiaz ekin zioten partiduari astigartarrek eta jokaldi polit baten ostean, Beñat Mendiburuk gol ederra sartu zuen, Ivan Lisnerren erdiraketarekin. Minutu batzuk beranduago, arbitroak penalti pitatu, eta bisitariek banakakoa lortu zuten. Hurrengo jardunaldian, ligan azken postuan dagoen taldearen aurka jokatuko dute moreek; Hondarribiaren aurka.