Beterriko 6 udalerriek (Astigarraga, Hernani, Urnieta, Lasarte-Oria, Andoain eta Usurbil) KOOPeratzen proiektua jarri dute martxan. KOOPeratzen, formakuntza zentro bat izango da, enpresa berriak sortzeko ideiak dituztenei zuzendua, beti ere, ideia horren ardatz badira ekimen soziala, ekonomia soziala edota ekintzailetza kooperatiboa. Lasarte-Orian egongo da. Ostiralean aurkeztu zuten 6 Udaletako ordezkariek eta Euskal Herrian, izaera honetako aurreneko formazio zentroa izango dela azaldu zuten. 6 hilabeteko egitasmoa izango da eta abenduan hasiko da.
Metodologia berria
Ikastaroaren helburua izaera kooperatibodun enpresak sortzea denez, horri bideratutako formakuntza metodologia berria erabiliko dute. Ideia bat izatetik enpresa sozial edo kooperatibo bat sortzeraino eman beharreko pauso guztien inguruko formazio saioak eskainiko dituzte. Negozio ideiatik abiatuz, enpresa kooperatibo batera iristeko beharrezkoak diren aholkularitza tekniko eta baliabide fisiko guztiak eskura jarriko dizkiete ekintzaile berriei. Hiru ardatz izango ditu: ideiak ikuspegi kooperatibotik garatzeko formazio espezifikoa; jarraipen indibidualizatua; eta elkarrekin kooperatzeko sarea sortzea enpresa hauen artean.
Izena emateko aukera
Zabalik dago izena emateko epea, azaroaren 28ra arte. Honako lekuetan eman daiteke: Lanbiden, 6 udalerrietako udaletxeetan, edo webgunean: kooperatzen.net. Formazio ikastaroa sei hilabetekoa izango da, abendutik apirilera. Beka saria jasoko dute programa honetan parte hartzen duten guztiek. Hilabetero, 250 euro. Batez ere, langabezian daudenak animatu nahi dituzte. Informazio gehiago: 943 30 42 21 edo ekinean@andoain.org.