Martxa hartu du Daiteke Enplegu Zentroak, bere egoitza berrian. Gabriel Zelaia eraikinera (Florida auzoa, 28) aldatu dute, eta dagoeneko hasi dira tailerrak bertan. Gainera, eskualde osoko langabetuentzako da eskaintza, Buruntzaldeako Garapen Agentziaren barruan baitago.
Ostegunetan emango dituzte tailerrak: azaroaren 20an eta abenduaren 4ean, sare sozialetan mugitzen ikasteko aukera izango da; eta azaroaren 27an eta abenduaren 18an, hautaketa prozesuan nola aritu praktikatzeko dinamikak egingo dituzte.
Astelehenetan, prentsako lan eskaintzei begirada
Astelehenetan ere izango dute zer egin, lan bila dabiltzanek. Taldetan bilduta, lan eskaintzak begiratuko dituzte prentsan, eta baita albisteak analizatu ere. Izan ere, horietan egon daiteke lan aukeraren bat, ezkutuan.
Beste hainbat zerbitzu, zentroan bertan
Daitekek, Lanbideren zentro laguntzailea den aldetik, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu: ordenagailuak internetekin; informazio taulan, lan eta formazio eskaintzak, eta diru laguntzen informazioa; orientazio teknikarien laguntza pertsonalizatua... Zentroa egunero dago zabalik: astelehenetik ostegunera, 09:00-17:00; eta ostiraletan, 09:00-15:00.