Gabonetan ondo pasa nahi, euskeraz hitz egiten? Horretarako aukera paregabea eskaini du Dobera Euskara Elkarteak. Negulekuak antolatu ditu hirugarren aldiz, abenduaren 22tik urtarrilaren 5era, 3 eta 9 urte bitarteko haurrentzat.
Egunero elkartuko dira Negulekuetan, goizeko 09:00etatik 13:30etara, eta ekintza ugari egingo dituzte: tailerrak, ipuin kontaketak, neguko olinpiadak, ginkanak, jolasak, abestiak... Eta guztia euskeraz, hori baita helburua, aisialdiaz euskeraz gozatzea.
Izena emateko epea, abenduak 16 arte
Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea: Doberaren egoitzan (Larramendi 11, behea) edo dobera@dobera.com helbide elektronikora idatzita. Aurten, bi aukera eman dituzte: bi asteetarako apuntatu, 70 euro, bazkideek 55 euro; edo aste bakarrerako izena eman, 40 euro, bazkideek 30 euro.
Epea abenduaren 16an bukatuko da, baina plazak mugatuak dira, eta elkarteak gomendatzen du lehenbailehen ematea izena.
«Animatu, primeran pasako dugu eta!»
Aurreko urteetako esperientzia oso ona izan da Doberarentzat, eta aurten apuntatzera animatu nahi dituzte haurrak: «primeran pasako dugu!».