«Boleibolak kirol aukera aberasten du, baina ez badituzte probatzera animatzen...»

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 15a

«Eskola kirola bukatzean, futbolera eta horrelakoetara doaz gaztetxo guztiak. Eta derrigorrean hartu behar dituzte denak, baina urte batera edo bira, taldetik kanpo geratzen dira. Eta orduan zer? Kirolarekin frus­tratuta daude, eta beste bat probatzera ez dira anima­tzen. Eta ani­matuko balira ere, oinarrizko urteak galdu dituzte, fut­bolean». Horrela deskribatzen du Eusebio Lizarazuk, bolei­bolak Herna­nin bizi duen egoera zaila.
Talde bakarra osatu dute aurten, neska jubenilena. Iaz bezalatsu, kadetetan izan baitzuten, orain dauden jokalari gehienekin. Helbu­rua, dena den, lehiatik urruti dago: «kirola egiteko aukera eman nahi dugu, ez emaitzak lortu. Boleibolak Hernaniko kirol aukera aberasten du».

Hasierako Txapelketa, martxan
Dagoeneko jokatu du aurre­neko partidua taldeak. Hasie­rako Txapelketa deitutakoan ari dira, sei taldeko multzo­an, Zarautz, Arrasate eta Donostiako taldeekin. Baina txapelketak ere, kirola egi­te­ko aukera ematea du jomuga: «ez da konpetiziokoa, jola­sez­koa baizik. Kirola sustatzea du helburu, ez lehia», dio Lizarazuk.
Gabonetara bitartean izango dituzte partiduak, eta urtarrilan hasiko dute Liga, maiatzera arte. Boleibola, ordea, ez da gelditzen urte osoan: «udan ere badago aukera, hondartzakoa egite­ko, eta txapelketak antola­tzen dituzte asteburuetan».

«Eskola Kirolean ez dira gauzak ondo egiten ari»
10 jokalariko taldea osatu dute, jubeniletan lehiatzeko. Eta hori ere, oso larri: «Eskola Kirolean ez dira gauzak ondo egiten ari. Nola da posible, alebinetan 50 haur aritzea boleibolean, eta gure taldera pasa behar dutenean, infan­tiletan, 10-12 jokalariko taldea ere ez osatzea?».
Hernaniko boleibol taldea osatzeko, beste batzuen elkarlana behar dutela azaldu du Lizarazuk: «Eskola Kirolaren eta herriko kirol dinamizatzaileen menpe gaude, orain ezin baitugu eskoletan boleibola promo­zionatu. Eta beraiek ez badituzte boleibola proba­tze­ra animatzen, alferrik da».

«Berdin dio aurretik boleibolean aritu diren edo aurrenekoz probatzen duten; besoak zabalik hartzen ditugu denak. Kirola egiteko aukera eman nahi dugu».

Pauso bat atzera, eta aurrera...
Hiru urte dira, Hernanik boleibol talderik ez duela maila nagusietan. Arazo ekonomikoak tarteko, senior taldeak bertan behera utzi zituzten: «desagertu baino lehen, nahiago izan genuen zerotik hasi. Eta etorriko dira garai hobeak». Horrela, oina­rrizko mailatan jarrai­tzea izan zen apostua: «pira­mi­de­aren beheko oinarria ez bada lantzen, ezinezkoa da goiko taldeak osatzea. Behe­koek mantentzen dute goikoa».
Oraingo egoera ikusita, oso zaila ikusten du Eusebio Lizarazuk, senior taldeak berreskuratzea: «infantil eta kadeteetan ez bada talderik osatzen, pentsa seniorretan. Senior taldeak kendu genitu­e­nean, Fortunara joan ziren gehienak. Eta orain buel­ta­tuko balira ere, oinarririk ez daukagunez, etorkizunik ez luke izango taldeak. Urte gutxi batzuk iraungo luke, ez gehiago. Urte asko pasako dira, Hernanin senior taldeak izateko berriro. Eta hori, berreskuratzen badira...».

«Bi urte barru ez bada talde hau ere osatzen, etxera joan beharko dugu»
Boleibola probatu nahi duen edozein neska-mutil hartzen dute taldean: «berdin dio au­rretik aritu diren edo aurre­ne­ko aldiz probatzen duten, besoak zabalik har­tzen ditugu denak». Horrela osatu dute aurten taldea: «orain hemen gaude, jubenil nesken taldea daukagulako. Baina bi urte barru ez bada osatzen, etxera joan beharko dugu, eta bolei­bo­la desagertu egingo da Hernanin».
Eta horretara iritsiko balitz, are eta zailago ikusten du Lizarazuk: «behin herrian kirol bat galtzen duzunean, askoz ere zailagoa da hori berres­kuratzea, bereziki bolon­­dres modura gabiltzan kiroletan».  
Boleibola praktikatu nahi dutenentzat, Esther Lopez hernaniarra jartzen du eredu gisa: «14 urterekin hasi zen, Hernanin bertan. Eta titulu pila bat lortu ditu, Espainian eta Europa mailan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!